- Andoaingo merkatua bere osotasunean ospatuko da gaurtik aurrera. Orain arte, eta pandemiak baldintzatuta, bi eremutan banatuta egin da, Goikoplazan eta Makaldegian, astearte eta larunbat goizetan.

Izan ere, Udaleko Zerbitzu sailak, covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko hartutako ezohiko neurri ba-tzuk bertan behera utziko ditu datozen egunetan, eta pixkanaka normaltasunera itzultzeko pausoak emango dira.

Orain arte, baldintzatuta egon da merkatuaren ospakizuna, eta bi salmenta eremu ezarri ziren Makaldegian eta Goikoplazan (janari eta edari produktuak, eta bestelakoak bereiziz). Bada, gaurtik aurrera, berriro ere modu bateratuan ospatuko da azoka, horretarako eremu amankomuna ezarriko delarik.

Dena den, gogorarazi dute pertsonen arteko distantziak mantentzea eta musukoa erabiltzea ezinbestekoa izaten jarraitzen duela. Era berean, aholkatzen da jende pilaketak ekiditea.

Autoa Makaldegian aparkatzen duten bizilagunei jakinarazten zaie, gaurtik aurrera aparkalekuko azoka-eremu osoa erabiliko dela berriro ere (margo urdineko eremua). Honenbestez, ezinbestekoa izango da aurrez ibilgailuak erretiratzea, astearte eta larunbat goizean merkatua bertan gauzatu ahal izateko.