Usurbil | Kirol ekipamenduetako hobekuntzak aurkeztu dira

Usurbilek denboraldi berriko ikastaroetan izen-emate epea zabaldu du

07.09.2021 | 00:40
Esti Aldeiturriaga teknikaria eta Beñat Larrañaga zinegotzia, atzo, Oiardoko gune sozialean. Argazkia: N.G.

Usurbil – Atzo Usurbilgo Udalak agerraldi batean herriko kirol instalazioetan egindako hobekuntzak eta erabiltzaileek betetako balorazio inkesta baten emaitzak aurkeztu zituen.

Kirol jardutea ontzeko inbertsioei dagokienez, azken hilabeteetan kiroldegiko sarrera handitu da eta kafe makina eta janari-edari makinak jarri dituzte erabiltzaileentzat, honela gune sozial bat sortuz; Hareneko futbol zelaian harmailak jarrita daude, baina oraindik ez daude erabilgarri, aulkiak eta barandak jartzea falta baita eta Udarregi ikastolak Agerialdeko frontoia estaltzeko lanak egin ditu udan. Aldi berean, ezker paretan saneamendu eta drainatze lanak egin ditu Udalak, frontoia estaltzeko beharrezkoa baitzen. Honenbestez, iraila amaieran erabilgarri izango da.

Bestalde, kiroldegiko eskubaloi pistako harmaila berriak udan jar-tzekoak ziren, baina kontratazio prozesuko gorabehera bat tarteko, atzeratu egin da. Aurreikuspenen arabera, azaroan jarriko dituzte.

Gainera, Oiardon ere sauna eta areto berriak egokituko dituzte. Atzo azaldu zutenez, garai batean harrerako langilearen etxea zena areto bihurtuko da, sauna mugituko dutela aprobetxatuz. Jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako ikastaroen eskaintza zabaltzeko aukera emango du, baita herriko eragileek euren beharretarako erabiltzeko ere.

Sauna igerilekura eramango dute eta hilaren amaieran erabilgarri egongo dela kalkulatu dute. Sauna erabiltzeko txandak eta arauak hilabete bukaeran jakinaraziko dituzte.

Atzo emandako beste albiste bat 2021-2022 ikasturteko ikastaroetarako izen-ematea ireki dutela da. Matrikula irailaren 23ra arte egin daiteke eta hilaren 24an egingo dute plazen zozketa. Ikastaroei dagokienez, orain arteko eskaintzari eutsiko dio kiroldegiak.

Iaz bezala, aurten ere Internet bidez eman behar da izena (helduek: https://labur.eus/HhmXA. Haur eta gazteek:https://labur.eus/zjwgm).

Inkesta 2021eko ekainean, kiroldegiaren inguruko balorazio inkesta bat betetzeko eskatu zieten erabiltzaileei. 124 lagunek parte hartu zuten. Udala oso pozik agertu da emaitzekin, ikastaroen balorazioa erabat positiboa izan delako. Batez beste, bederatziko puntuazioa izan dute eta monitoreen lana nabarmendu dute.

Bigarren inkesta bat burutu da, kiroldegiko instalazioen ingurukoa. Erabiltzaileek balorazio positiboa egin dute eta egin dituzten proposamenak aztertuko dituztela jakinarazi du Kirol sailak.

noticias de noticiasdegipuzkoa