Astigarraga | Santiagomendi berritu bat

07.07.2021 | 01:13
Plazetxe ingurua hiritartze lanen ondoren. Argazkia: N.G.

Astigarragako udalak hiritartze lanen lehen fasea amaitu du eta bilera egingo du bihar auzotarrekin

Astigarragako Udalak Santiagomendi landa auzoko hiritartze lanen lehenengo fasea amaitu du. Esku-hartze honetan, batetik, euri-uren saneamendua, argiteria eta zoladura berritu dira eta, bestetik, elektrizitate eta telekomunikazio sareak lurpetik pasa dira.

Horrekin batera, etxeetaraino argindar eta telekomunikazio hartuneak eraman dira, bizilagunekin egindako hitzarmenen bidez.

Hurrengo urratsa da elektrizitate eta telekomunikazio enpresek beren zerbitzua lurpeko hoditeriaren bidez eskaintzea.

Obren iraupena bost hilabetekoa izan da eta egindako inbertsioa, guztira, ia 336.000 eurokoa izan da.

Udaletik azpimarratu dutenez, hiritartze lanen bidez hainbat hobekuntza lortu dira Santiagomendiko auzunearentzat: euri urak hobeto jaso eta bideratuko dira; kaleko argiteria hobetu da; bidearen zoladura berritu da eta bidea zabaldu egin da hainbat lekutan; bidean oinezkoentzako eremua markatu da oinezkoen segurtasuna hobetzeko; zerbitzuak lurperatu dira eta, ondorioz, zerbitzuak lurpetik jarri ahala, airetik doazen hariak kendu eta argindarraren eta telekomunikazioen hainbat zutabe kenduko dira; eta azkenik, Anuskatik Santiagomendiko auzora telekomunikazio sarea (zuntz optikoa) sartzeko hodia prestatu da. Gauza guzti hauek kontutan hartuta, Udalaren aburuz, nabarmen hobetu da Santiagomendiko auzunearen itxura.

Lehen faseko obrak amaitzear daudelarik, Udalak bilera egingo du Santiagomendiko auzotarrekin bihar, 19.00etan Plazetxe aurrean. Bilera horretan lehen faseko lanen balorazioa egingo da. Horrekin batera, bigarren faserako Udalak dituen asmo eta aurreikuspenak azaldu eta auzotarrekin partekatuko ditu eta tarte bat izango da eskari eta galderetarako.

Lan hauekin Astigarragako Udalak landa auzoekin duen zorra kitatu nahi du, izan ere auzo hauek urteak daramatzate hobekuntzak eskatzen.

Gainera, zonalde hau turismo aktibo bezala sustatu nahi dute. Bertan kokatzen dira Donejakue bidea eta XIII. mendeko Santiago baseliza.

Hemen inguruan, bestetik, zonaldeko aztarna zaharrenak topatu egin dira. Historiaurrean bertan herri bat zegoen. Datazio aldetik lehenengo aztarnak Kalkolitikoak dira eta erromatarren kolonizazio arte iraun zuen. Astigarraga herria ere Santiagomendin jaio zen.

noticias de noticiasdegipuzkoa