Hernani | Surik gabeko San Joan bezpera

03.06.2021 | 23:45
Aurreko urte bateko San Juan sua, Gudarien Enparantzan.

Jaiak bertan behera gelditu dira, baina solstizioa Chillida Lekun prezio berezian ospatzeko aukera emango da

Iazko sanjoanak bertan behera gelditu ziren covid-19ak sortutako pandemia dela eta. Hernaniko Udalak aste honetan adierazi duenez, nahiz eta urtebete igaro den, osasun egoera ez da bere onera itzuli: "Egungo egoerak gaur gaurkoz ez du bermatzen jaiak kalean beharrezko segurtasunarekin ospatzea eta, hori kontuan hartuta, aurtengo sanjoanak eta preludioa ere bertan behera uztea erabaki du Sanjoanetako Jai Batzordeak". Hala ere, iaz egin zen bezala, kultur eta aisialdi eskaintza zabal bat jarriko da hernaniarren eskura.

Pandemiaren hasieratik egin den bezala, antolatuko diren jarduera guztietan aforoa eta segurtasuna bermatuko da, jende pilaketak saihesteko.

Horietako ekintza bat Chillida Leku museoan burutuko den udako solstizioaren ospakizuna izango da. Datorren ekainaren 20an egingo da.

Aurtengoan, Doos Colectivoren Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko da. Emanaldia 20.00etan hasiko da.

Esan bezala, Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna da, zuzeneko musika du eta oreka bilatzeari buruz hitz egiten du. Lasai egoteko, zarata isilarazteko, karga eta errua arin-tzeko, animaliak lasai lo egiten duen lekua aurkitzeko borroka da. Zenbait erlijiotan gorputzak une jakin batzuetan duen erabilerari buruzko ikerketa batetik sortzen da.

"Gorpuztu jaio zen gorputza hainbat zatitan banatuz, otoitz-garaian mugimendu-ekintzak behatuz eta hainbat erlijiotan agertzen diren errua, penitentzia, transzendentzia eta sumisioa bezalako kontzeptuak ikutuz", adierazi dute konpainiatik.

Iaz bezala, museoak eta Hernaniko Udalak duten elkarlanari esker, hernaniarrek sarrerak ohi baino merkeago eskuratu ahalko dituzte; hamabost euroan, alegia.

Prezio horretan, guztira, ehun sarrera jarriko dira salgai Biteri kultur etxeko leihatilan ekainaren 14tik aurrera. Ordutegia 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 21.00etara izango da.

Alabaina, merkatari eta ostalariek, Beterriko Merkatal Bulegoaren laguntzarekin, aurten berriz ere San Joan pultserak saltzea erabaki dute. Lehengo urtean ez saltzea erabaki zuten, baina gogorarazi dutenez herritar asko horien eske joan ziren.

Beraz, ohitura hau berreskuratzea erabaki dute. Aurtengoak horiak izango dira. Hauek salgai egongo dira Berriak elkarteko denda eta tabernetan euro baten truke.

noticias de noticiasdegipuzkoa