Ardura edo erantzukizun pertsonala izan ordez, zaintza beharrei modu kolektiboan erantzuteko premia igarrita, zaintza-eredu berri baten sorrera bultzatzen ari da Usurbilgo Udala, Matiarekin elkarlanean eta zaintzaren sektorean inplikatuta daude eragile guztien ikuspuntutik.

Zaintza-eredu berri bat abian jartzeko prozesua abiarazi du Usurbilgo Udalak. Zertan datza?

Azken urteotan jorratu ditugun lan-ildoen emai-tza da. Usurbilgo Udala eta Matiaren arteko harremana estua izan da aspalditik eta hori areagotu da Matia Usurbilen eraikitzen ari den zaintzadunen auzune berriaren ondorioz. Egitasmo aitzindaria da Euskal Herrian, bai hirigintza arlotik, bai ikuspegi sozialetik. Eraikitze fasean dago eta 2022 urtearen amaieran martxan egotea da asmoa.

Zergatik zaintza eredu berri bat?

Urte luzez ari gara hausnartzen zaintza eredu berri baten inguruan, pertsona ardatz duen arreta eredu berri baten inguruan, alegia. Auzune berriak praktikan jarriko du eredu berri hori; bertan dagoen pertsona etxean bezala senti dadila da helburua. Adinean aurrera egiteagatik ez baitu esan nahi pertsonak bizi-proiekturik ez duenik. Baina auzunearen proiektutik haratago, zaintza eredu berria beste esparru batzuetara zabaltzeko beharra ikusi genuen. Gaiari bere osotasunean heldu nahi genion Usurbilen zaintza eredu berri baten ekosistema eraikitzeko. Ikuspegi komunitarioa txertatzea ezinbestekoa ikusten genuen, elkarlanean oinarritutako eredua (sektoreak, erakundeak, komunitateak). Horrela, parte hartze prozesu bat abiatzea erabaki genuen zaintzaren inguruko gaia eztabaida publikoaren erdigunean kokatzeko. Finean, zaintzaren bestelako ikuspegi berritzaileak lantzen hasteko asmoz.

Emaginek egindako diagnostiko eta plana ditu ardatz parte hartze prozesuak. Zein dira aipatu lanaren ondorio nagusiak?

Beterri-Buruntzako Berdintasuneko teknikariek zaintzari lotutako lan-ildoa martxan jarri zuten eta foro bat sortu zuten eskualdean. Eredu berria eraikitzeko beharrezkoa da nondik abiatzen garen ezagutzea, eta horregatik egungo errealitatearen diagnostikoa egin zuten. Horrek egoeraren argazkia erakutsi digu: eskualdean dauden beharrak, baliabideak, etabar. Behar horiei aurre egiteko ekintza-plana landu du Emaginek. Aipatu behar da lan honi ekonomia feministaren eta anti arrazistaren ikuspegitik heldu zaiola.

Aste honetan bertan talde eragilearen lehen bilera egin da.

Prozesuari oinarri sendoetatik heltzea beharrezkoa zen guretzat eta talde eragilearen osaketa lan handi horren isla da. Izan ere, sektorea osatzen duten eragile guztiekin bildu gara eta denak daude taldean ordezkatuta: enpresak, profesionalak, herriko elkarteak, erakundeak (Udala, Osakidetza, Foru Aldundia), zaintzaren beharra duten senideak, eta noski, erabiltzaileak. Prozesuaren motorra izango da talde eragilea non sentsibilitate horiek guztiak dauden ordezkatuta. Zaintzaren gaiak ertz asko ditu eta saiatu gara ikuspegi integral batetik lantzen. Eta lortu dugu, aurre-lanketa mardul baten ondorioz. Matiak dinamizatzen du prozesu guztia eta guretzat berme bat da. Aste honetakoa lehen bilera izan da, eredu-berriaren gakoak identifikatzea izan da helburua eta denok norabide berean goazela ondorioztatu dugu.

Zeintzuk izango dira hurrengo pausuak?

Prozesuak bi fase izango ditu: eredu berriaren inguruko gogoeta fasea, une honetan lantzen ari garena, eta eredua inplementatzeko fasea. Azken fase honetan Foru Aldundiarekin hitzarmen sendoak beharko ditugu, izan ere, baliabide ekonomiko handiak beharko ditugu eta momentuz erantzun baikorra jaso dugu. Datorren urtearen hasieran lehen fasea bukatzea espero dugu, eta inplementazioa 2022.urtera begira.

Pandemiaren ondorioz bizi dugu krisi sozioekonomikoak agerian utzi du zaintza eredua aldatzea ezinbestekoa dela...

Lan-ildo horietan buru-belarri lanean ari ginela pandemiak eztanda egin zuen, eta osasun larrialdi honek berretsi baino ez du egin halako prozesuaren beharrezkotasuna. Ispilu aurrean jarri gaitu pandemiak eta inoiz baino beharrezkoagoa da behar sozialei aurre egitea, zaintza eredu berri bati heltzea, alegia. Gaur egungo gizarteak duen erronka nagusietako bat da eta horretarako politika publiko feminista ausartak behar ditugu bestelako norabide batean urratsak ematen hasteko. Erronka handia da eta Usurbiletik gure aletxoa jarri nahi dugu.