- Aginagako saneamenduaren obrak gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu da. Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak akordio batera iritsi dira hilabete honetan. Berriki, Usurbilgo Udalak hitzarmen horren zehaztasun gehiago eskaini ditu.

Añarbek eta Urak sinatutako hitzarmen horren bidez, proiektua nola finantzatu eta nola gidatu adostu dute. Obra osoaren kostua 5,4 milioi euro dira. Urakek kostuen %60 hartuko du bere gain, eta kontratazioa eta obra zuzendaritza bere gain hartuko ditu. Añarbek, berriz, gainerakoa finantzatuko du: %40.

Aurten hasi nahi dute lanekin, abenduan, eta, beraz, epe motzean aterako dituzte lizitatzera; guztira, 22 hilabeterako lana izango dela aurreikusi dute.

Saneamendu sarearen bidez, euri urak eta ur zikinak jasotzen dira. Historikoki, denak batera jaso izan dira, eta hori guztia ibaietaraino iritsi da. Azken urteetan, ordea, higieneagatik eta ingurumenagatik, euri urak eta ur zikinak bereizita jasotzea da irizpide orokorra: euri urak jaso eta ibaietara bideratzea, eta ur zikinak, berriz, araztegietara.

Lur Etxeberria zinegotziak mapa baten bidez azaldu zuen Usurbilgo saneamenduaren egoera orokorra zein den: "Esan daiteke egoera ona dela, baina oraindik badaukagu lan pixka bat egiteko". Norabide horretan lanean ari direla azaldu zuen Etxeberriak, eta momentu honetan batez ere bi eremutan duela arreta jarria Udalak: Aginaga eta Kalezar.

Aginagan, esan bezala, dena ibaira botatzen da, euri urak zein ur zikinak. Aipatu proiektuarekin, Urak-ek eta Añarbek ur zikinak Loiolako araztegira eramateko azpiegitura nagusia eraikiko dute, eta hori iristen denerako isuriak jada bereizita jasotzea da helburua. Horretarako, beharrezkoa da etxebizitza bakoi-tzak bere urak bereizita jasotzeko obra egitea, kanalak azpiegitura horri lotuz. Gauzak horrela, Aginagako erriberan kolektore generala egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote gero Udalak egingo duen proiektuaren bitartez etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko.

Kalezarren, zehazki, Belmonte kaletik N-634 errepidea bitartean dauden etxebizitzetan du jarria arreta Udalak. Izan ere, zaintzadun etxebizitzen auzunea egiten ari da Matia, eta euren obrak aprobetxatuko ditu zati horren saneamendua hobe-tzeko. Euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldea poligonoan, eta hori bereizteko obra egingo du Usurbilgo Udalak.