Covid-19aren eraginez, Hernaniko negozio askok, alarma egoeraren inpaktua gogorki jasan dute eta beren jarduerari berrekin ahal dionean, zailtasunak izango dituzte bizirauteko; horregatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza ematea negozioak suspertzen saiatzeko.

Era berean, beharrezkotzat jotzen da ere herritarrei laguntza ematea kontsumo ondasunak eskuratzeko eta erosketak herrian egitera animatzeko.

Beraz, bi helburu hauek lotzeko Hernaniko Udalak eta Berriak merkatari eta ostalari elkarteak berriro erosketa bonuen kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki dute. Honenbestez, aste honetan programa honen laugarren edizioa aurkeztu dute, esan bezala herritarrei kontsumo ondasunak eskura-tzen laguntzeko, hiri ekonomia indartzeko bitarteko gisa eta, horrekin batera, hiri inguruneak dinamizatzeko.

Erosketa bonuen kanpaina berri hau bihar hasi eta ekainaren 12 arte luzatuko da. Hau da, herritarrak bihartik aurrera erosi ahalko dituzte bonuak hauek agortu arte, eta ekainaren 12a bitartean erabili ahal izango dituzte soilik programari atxikitako establezimenduetan. Epe hori igarota, ez da erosketa bonurik onartuko.

4.000 bono aterako dira. Bonu bakoitzak 50 euroko balioa izango du (hamar euroko bonoetan banatua). Bat eskuratzeko herritar bakoi-tzak 40 euro ordainduko du eta hamar euroko aldea Hernaniko Udalak jarriko du.

Bonuak, ohi bezala, salgai izango dira Berriak elkartearen egoitzan (Andre kalea, 30) eta Udal Merkataritza bulegoan (Biteri). Berriak elkartean bonuak saltzeko ordutegia astelehenetik ostegunera 9.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara da eta ostiraletan, goizez bakarrik, 9.00etik 13.00etara. Biterin bulegoa goizez soilik egongo da zabalik, 9.00etatik 14.00etara.

Duela urtebete covid-19ak sortutako osasun alarmari eta kalte ekonomikoei aurre egiteko Ekintza Plana aurkeztu zuen Udalak, herriko talde politiko guztien babesarekin.

Iazko udal aurrekontutik bi milioi euro bideratu ziren hartutako neurri sortak eta dirulaguntzak finan-tzatzeko, pandemiak osasunean zein ekonomian utzi dituen ondorioak samurtzeko eta kolektibo kaltetuak laguntzeko asmoz.

Neurri sorta horien artean erosketa bonuak kokatzen dira, oso harrera ona izan dutenak bai erosle baita merkatarien artean. Gainera, herriko denda guztien produktuak ezagutzera emateko hernanin.eus erakusleiho digitala sortu zen, ia 120 saltokik parte hartzen dutelarik.