Oiartzungo Hyundai Oarso Car etxearekin sinatutako hitzarmen bati esker, surbilgo Udalak auto partekatua eskainiko du udal-langileek zein herritarrek erabil dezaten. Urtebeterako proba pilotua izango da, autoen jabetza pribatuari alternatiba gisa. Honela, Udalak mugikortasun eredu berri baten aldeko apustuari eutsi nahi dio.

Oarso Car etxeak utzitako ibilgailua Hyundai Kona da, %100 elektrikoa. Erabilera arrunta eginez, autoak 450 kilometroko autonomia du: beraz, autoa, gehienez, 200 kilometroko erradioan erabil daiteke. Erabiltzaile bakoitzaren ardura izango da erabilpena autonomiari egokitzea.

Autoaren aparkalekua udaletxe aurrean egokitu da: handik hartu eta han utzi beharko dute erabiltzaileek eta autoa uzten duenak bateria kargatzen utzi beharko du. Autoak arrisku orotarako asegurua du, 320 euroko frankiziarekin. Hala, erabiltzaileren batek kalteren bat egingo balio edo istripurik izango balu, gehienez ere 320 euro ordaindu beharko ditu.

Smartphone-etarako Vive aplikazioaren bidez, auto elektrikoa alokatu daiteke, eta erreserbatutako orduen eta egindako kilometroen arabera ordainduko luke erabiltzaileak (1,5 euro/orduko eta 0,20 euro kilometroko). Erabili ahal izateko nahikoa da gidabaimena eta 18 urtetik gora izatea. Aplikazioa instalatuta, erabiltzaile moduan alta eman behar da (argazkia, gidabaimena, NAN zenbakia eta kontu korrontea sartu behar dira), eta onartua izan behar da. Erabiltzaile moduan onartutakoan autoa erabil daiteke.

Galdera ohikoen dokumentu bat egin du Udalak, erabiltzaileek eskura izan dezaten, euskaraz zein gaztelaniaz (udal webgunean ere irakur daiteke). Horrez gain, autoaren fun-tzionamenduaren inguruko gida bat aurkituko dute erabiltzaileek autoko eskularru-kaxan. Dena dela, autoa lehenengo aldiz hartu aurretik udaleko energia teknikariarekin hitz egitea gomendatu du Usurbilgo Udalak, 943 579 417 telefonora deituta edo energia@usurbil.eus helbidera idatzita.