Hernaniko Udaleko Gazteria Arloak nerabeak jomugan dituen sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du . Kanpainak Ez izan meme leloa du eta bi helburu ditu: batetik, arreta jarri nahi du kolektibo hori nola bizitzen ari den pandemiaren ondorioak; bestetik, muga eta arau zorrotz horiek nerabe batzuengan sortu dituen frustrazioak bideratzen laguntzea.

Helburu horiek lortzeko bi ekimen jarriko dira martxan. Alde batetik, gazteei begira, nerabeentzako bideo laburrak sortuko dira. Horretarako, kolektibo honek erabiltzen dituen sare sozialetan azaltzen diren estiloan (Tik Tokeko bideoak edo sketch moduan) egindako bideo laburrek mezu batzuk helaraziko dizkie haien jarrerez jabe daitezen eta beste kolektiboekin enpatizatzen lagun-tzeko. Bideo horien protagonistak, gainera, herriko haur, nerabe eta gazteak izango dira.

“Bideo horiekin jokaera desegokien inguruko hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu, eta batik bat, kaleen, jolaslekuen, plazen… erabilera egoki bat egitera animatu. Horretarako hurrengo hilabeteetan hainbat mezu zabalduko dira”, argitu zuen Estitxu Agirrek, Hernaniko Gazteria Arloko zinegotziak, aste honetan udaletxean egindako aurkezpenean.

Bestalde, nerabeen gurasoei hi-tzaldi bat eskainiko zaie, Pandemiaren ondorioak: gazteak ahaztuak edota zigortuak ez izateko ulermen gakoak, izenburupean. Martxoaren 17an, 18.30ean eskainiko da eta Aitor Aritzeta izango da hizlaria. Aritzeta Psikologian doktorea da, EHUn irakaslea eta ikerlaria. Bere ikerketa esparruetako bat gaitasun sozio-emozionalak dira.

Izenburuak dioen bezala, gakoak eskainiko dizkie gurasoei nerabeak hobetu ulertu eta egunerokoan elkar laguntzeko. Etxe barruak goxatu eta egoera eramangarriagoa bihurtzeko, komunikazioa hobe-tzeko pistak jasotzeko aukera egongo da.

Bi formatuetan eskainiko da hitzaldia: aurrez aurre Biteriko areto nagusian (110 pertsonako aforoa) edo online Gazteria arloak duen YouTubeko kanalean.

Kanpaina honen aurkezpenean, Maider Errasti Gazteria teknikariak ere parte hartu zuen.