- Emakumezkoak protagonista diren formato handiko lau argazki jarri berri ditu Ainara Garcia Aranburu argazkilariak Hernaniko kaleetan. Udalak Arte Sorkuntza sustatzeko bekaren 2017. deialdiaren irabazleetako bat da Garcia Aranburu. Proiektu honen helburua emakumezkoei historian ukatu zaien ikusgarritasuna ematea da.

Izan ere, emakumearen istorioak, testigantzak, ohiturak eta ekarpenak espazio publikora ateratzeko eta historian ukatu zaien ikusgarritasuna berreskuratzeko xedea du artelan multzo honek. Horregatik, emakumezkoak dira argazki guztien protagonistak. Irudi zaharrak eta oraingoak uztartzen dira obra honetan.

Eskuak izeneko argazkian, XX. mendean Hernaniko baserrietan ohikoak ziren txerri-hilketak isla-tzen dira. Horiek jai giroan ospa-tzen ziren eta emakumezkoen lana funtsezkoa izaten zen. “Gutxik eskertuko zuten, ordea, emakumeek egun osoan egindako lana. Eskuak odolez beteta, orduak pasatzen zituzten odolkiak, tripotxak, txistorrak, taloak eta gainerako jakiak prestatzen gizonezkoen gozamenerako”, adierazi du egileak. Irudi hau Urbieta kalean dago kokatuta.

Emakume kirolariak argazkian, Ezkiagako frontoian palan jolasten ari diren emakumeak azaltzen dira. Argazki honetan kirolean aritu eta aritzen diren ehunka emakumeen lanari ikusgarritasuna emateko xedea du. “Emakume kirolarien presentzia ia hutsala izan da euskal prentsa eta komunikabideetan. Hala izan da garai batean eta gaur egun ere antzeko egoeran jarrai-tzen dugu”, salatu du Garcia Aranburuk. Argazki hau kiroldegiko goikoaldeko fatxadan kokatuta dago.

Emakume etorkinak argazkian, kanpotik etorritako emakumeek gure jendarteari egiten dioten ekarpena aldarrikatu nahi du. Zaintza lanez arduratzen dira gehien bat eta, egilearen ustez, ez zaie merezitako errekonozimendua ematen. Argazki hau Plaza Berrin ikus daiteke.

Leokako labanderak argazkiarekin hernaniar emakumeen bilgunea zen labaderoari omenaldia egin nahi dio Garcia Aranburuk eta horrek emakumeen sozializazioan zeukan garrantzia nabarmendu nahi du. Labaderorantz doan bidean dago kokatuta.

Garcia Aranburuk argazki saioak prestatzen ditu, natura bere inspirazio iturri izanik, haurdunaldien, haurren eta familien erretratuen erreportajeak eginez.