Emakumeak eta zaintza izango dira Usurbilgo Gobernuak atozen hilabeteetan esku artean izango dituen edota martxan jarriko dituen proiektuen ardatza. Emakumeen Etxea, Martxoaren 8aren inguruko ekintzak, jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren diagnostikoa, Beterri-Buruntzako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta zaintzaren inguruko parte-hartze prozesua izango dira Udalaren hurrengo proiektuak. Berriki Agurtzane Solaberrieta alkateak eta Itziar Basterrika zinegotziak aurkeztu zituzten ekimen guztiak.

Esaterako, Martxoaren 8aren harira, bi ekimen antolatuko ditu Udalak Amatasun bizigarriak tailerra, eta Irene Arrarats Lizeagaren hitzaldia, Simone de Beauvoirren Bigarren sexuaz.

Tailerra Ainara Gorostizu kazetariak gidatuko du, otsailaren 10ean, 17an eta 24an. Amatasunaz, feminismoaz eta patriarkatuaz eztabaida-tzeko aukera egongo da. Hitzaldia, aldiz, martxoaren 8ko astean burutuko da eta Beauvoiren "Emakumea ez da jaiotzen: egin egiten da" argudioaz eta bere pentsamoldeaz luze hitz egingo da.

Bestalde, Etorkizuneko Pelaioenea Eraikitzen proiektu orokorraren barruan, Usurbilgo Emakumeen Etxea abiatu zuten irailean. Bai Emakumeen Etxeko eta baita auzo lokaleko parte-hartze prozesuen emai-tzak martxoaren 6an aurkeztuko dituzte esker ekitaldi batean. Basterrikak ziurtatu zuenez, oso prozesu emankorrak izan dira.

Azkenik, zaintza ereduaren inguruko parte-hartze prozesua abiatuko du Udalak Aste Santuaren ostean, Matiak dinamizatuta. "Nola zaindu nahi dugu? Nola zainduak izan nahi dugu? Zein konpromiso hartuko ditugu norbanako, komunitate eta erakunde gisa?" galderei erantzungo diete, besteak beste.

Aniztasunari dagokionez, Legealdiko Planarekin batera iragarri zuen udal Gobernuak Usurbilgo jatorri aniztasuna eta usurbildar guztien arteko elkarbizitza legealdiko lan-ildo iraunkorrak izango zirela. Hain zuzen, urriaren 15ean aurkeztu bezala, diagnostiko bat egin du Aztikerrek. Bertan bildutako testigantzak bideo batean jasotzen ari dira. Martxoko azken asteburuan, ikerketaren emaitzak eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko dituzte.

Ekimen guzti hauekin amaitzeko, Beterri-Buruntzako zaintza-erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena aurkitzen dira. Emagin elkarteak egin du diagnostikoa eta ondorioa argia da: herritarren zaintzarako beharren eta zain-tzeko baliabideen artean desoreka handia dago.

Proiektu eta ekimen guzti hauek batzeko irudia ere aurkeztu zuten, Iametzak eta Antzak garatua, Ar-tzeren lanalanalana poema oinarri hartuta. Solaberrietak azaldu zuenez, "Artzeren olerkian lana eta gizona hitzek fabrika baten itxura har-tzen dute; gurean, zaintza eta emakumea hitzek etxe baten forma har-tzen dute".