- Hernaniko Udalak atzo Gotzon Huegun hernaniarraren eskultura berri bat kokatu zuen Latsunbe eta Urbieta kaleak lotzen dituen igogailuaren horman. Harrizko tamaina handiko eskultura da eta horregatik grua bat erabili behar izan zuten obra jartzeko. Ondorioz, kiroldegi ondoko eskailerak ezin izan ziren goizean erabili, aldiz, igogailua martxan mantendu zen.

Gotzon Huegun artistak arte sorkuntza bekaren 2017ko abenduko deialdiaren irabazleetako bat izan zen. Ordutik sortzen aritu da bere artelana. Dagoeneko, arte sorkun-tza sustatzeko bekak lau urteko ibilbidea egin du eta duela aste batzuk 2020ko bekaren deialdia itxi zuten.

Jadanik bederatzi artista edo kolektiboen lanak aukeratu izan dira: atzokoarekin sei gauzatu dira, bat kokatze edo bukatze prozesuan dago, eta beste biak 2019an aukeratutakoak dira. Izan ere, 2019ko deialdian bi proiektuk irabazi zuten beka hori: batetik, Zehar Kablea Sormen Taldeak (Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor Altuna gazteek osatua) aurkeztutako Belarri bero, bai esan? web seriea, eta, bestetik, Nagore Legarreta argazkilariaren Ibaia ez da toki bat, URUMEA argazkilaritza eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituen proiektua.

Esan bezala gaur egun ikusgai dauden lanak sei dira: Ainara Azpiazu Axpiren Emakumearen omenezko horma-irudia (Ezkiaga pasealekuko frontoian), Aitor Ruiz de Eginoren Betitsua (Ave Maria parkean eta Atarrabiyo parkean dauden eskulturak), Iker Valleren eskultura (Ave Maria parkean), Mikel Eizmendiren zuri-beltzeko horma-irudia (Gay Murreko tunelean), Maider Kalonjeren Txori hegalari eta ameslaria horma-irudia (Karabeleko tunelean) eta Gotzon Huegunen atzo jarritako eskultura. Kokatze prozesuan Ainara Garciaren argazkilaritza proiektua dago.

Bekaren helburua da Hernaniko sortzaileen proiektuak eta asmoak ahalbidetzea, diruz laguntzea eta ikusgarritasuna ematea eta eginkizun honetara urtero 10.000 euro bideratzen dira.

Lehen urteetan kale arte sorkun-tza izenarekin ezaguna zen beka hori, artea eta kalea lotu zirelako eta, bereziki, arte plastikoetara bideratuta zegoelako. Baina hausnarketa kolektibo baten ondoren, beste disziplinetara ere zabaldu nahi izan zen. Horrela, bi urtetik behin arte plastikoetara zuzentzen da eta beste urteetan, beste disziplinetara.