Usurbil | "Oso testuinguru berezian kokatu behar ditugu aurrekontuok"

31.12.2020 | 00:40
Aurrekontuen bozka Osoko Bilkuran. Argazkia: N.G.

Abenduko ezohiko osoko bilkuran, Usurbilgo Udalak 2021 urterako aurrekontuak onartu zituen, hasieraz, EH Bilduren botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE-EEk abstentziora jo zuen.

Aurrekontuen inguruko zertzelada nagusiak eman zituen EH Bilduk gaia aurkezteko: "Oso testuinguru berezian kokatu behar ditugu aurrekontuok: COVID-19ak eragindako osasun krisian eta horrek eragindako krisi sozial eta ekonomiko batean. Pandemia honek are ageriago utzi ditu lehendik ere bazeuden desberdintasunak, eta horregatik saiatzen gara gure politika publikoen garapenean zein pandemiaren kudeaketan kolektibo zaurgarrienak erdigunean jartzen. Kolektibo zaurgarrienen ongizatea bermatuta, guztion ongizatea bermatzen dugu".

Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduk oposizioko taldeen emendakinak eskertu zituen. "Egindako ekarpenek hobetu egin dituzte aurrekontuak. Pandemia baten erdian gaude, eta adierazle guztiek diote okerrena etortzeko dagoela. Krisi latza datorkigu, eta egoera honek, inoiz baino gehiago, adostasunak eskatzen ditu, eta ez dut uste elkarrengandik hain urruti gaudenik". EAJren ekarpenei dagokienez, "mamian" ados daudela nabarmendu zuen EH Bilduk: "Bi emendakin bere horretan txertatu ditugu, eta besteak ez baditugu txertatu ez da izan ados ez gaudelako. Izan ere, beste hiru lantzen ari gara: Etxealdiko antolamendua, banda zabala zein Haraneko hobekuntzak. Baina uste dugu zuek esan baino diru gutxiagorekin egin ditzakegula". Horrez gain, EAJren beste bi ekarpen udal eskumenekoak ez direnez, 2021eko aurrekontuetan ez islatzea erabaki zuten. "Elkarlanean ari gara eskumena dutenekin, eta zuen laguntza badugu, hobe", gaineratu zuten. Gainera, PSE-EEren emendakin partzial batzuk ere onartu ziren.

EAJk, bere aldetik, kontra bozkatuko zuela iragarri zuen: "Igoera bakarrak pertsonalgoan, Txirikordan eta dirulaguntzetan izan da. Txirikorda hiru urtetan finantzatuko da, baina ez dakiguna da zein eragin izango duen ekonomikoki. Guk zazpi ekarpen egin ditugu, eta bi bakarrik onartu zaizkigu. Sarrerak %10 jaitsi dira, baina gastuak soilik %1,3: zuhurtziaz jokatu duzuela diozue, baina ez dugu hala uste".

PSEk, ordea, abstentziora jo zuen: "Ez gaude ados partida batzuekin, Udalbiltzarako dirulaguntzarekin esaterako, baina zuekin bildu nin-tzen lehengo astean, eta nabarmendu behar dut zuen jarrera irekia eta positiboa, eta onartu behar dut interpretazio oker batzuk egin nituela. Emendakin partzial batzuk onartu dituzue, eta hori ere eskertzekoa da. Hori guztia dela eta, osoko zuzenketa erretiratu nuen, baita emendakin partzial asko ere, eta nire botoa abstentzioa izango da".

Erabaki Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, alegaziorik ez balego, behin betiko onartuak geratuko lirateke.