%4 igoko da Usurbilgo aurrekontua 2021ean

04.12.2020 | 01:11
Usurbilgo Gobernuko kideak aurrekontuen aurkezpenean. Argazkia: N.G.

Inbertsioetarako atala %41 handituko da, batez ere Txirikordak jasoko dituen dirulaguntzen ondorioz

12,8 milioiko aurrekontua izango du Usurbilek 2021ean. Bertako Udal taldeak bi puntu azpimarratu ditu: "inoizko aurrekonturik sozialenak" izango direla eta aurtengoekin alderatuta %4 igoko direla, "adierazle eta aurreikuspen guztien kontra".

Igoera honen arrazoia Txirikorda da: belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektuari lotuta, Udalak eskuratutako diru-sarrerei esker handitu da aurrekontua. Diru-sarrera horiek bi motatakoak dira. Batetik, Ugartondoko Hitzarmen Batzordearekin 2020an lortutako akordioari esker, 1,4 milioi euro ordaindu behar dizkiote Udalari, Txirikorda eraiki eta ordaintzeko. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 640.000 eurorekin lagunduko du proiektua. Ezohiko diru-sarrera horiek 2021eko aurrekontuetan islatu dituzte, 2021ean bertan ekingo baitio Udalak obren lizitazioari.

Gauzak horrela, udal Gobernuak Legealdiko Planean jasotako eta herriarentzat "estrategikoak" diren azpiegitura eta ekipamenduei eutsi eta bide emateko gai izango da Udala. Krisi ekonomiko latz baten aurrean egonik ere, %41,04ko igoera izango du inbertsioen atalak (Txirikorda dela eta lortutako ezohiko diru-sarrerei esker, hein handi batean). Ia 2,5 milioi euro (aurrekontu osoaren %19) hartuko dute inbertsioek.

Gainera, datorren urtea zenbait proiektu idazteko erabiliko dute, horietako asko Kaxkotik urrun dauden auzoei eragingo diete eta HAPOa urte amaierako hasieraz onartu nahi dute.

Bestalde, COVID-19ak sortutako beharrizanek eraginda, "gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, kulturala edo soziala" blindatzea erabaki dute, ohiko baliabideak eta diru-sarrerak gutxitu arren.

Beraz, pandemiak azaleratu dituen behar sozialak estali eta tokiko ehun ekonomikoa sustatzeko helburuarekin, iaz baino 100.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak dirulaguntzetara: guztira, ia milioi bat euro (%11 gehiago). Dirulaguntza politikak birnorabidetzeko ahalegina egin dute udaleko departamentu guztiek, COVID-19ak eragindako egoera sozioekonomiko zailera moldatzeko. Hala, lerro batzuk egokitzeaz gain, dirulaguntza lerro berriak jarriko dituzte martxan. Gainera, kolektibo zaurgarrienen lan-munduratzeko bideak zabaltzeko lau operario kontratatzeko programa gauzatuko dute Enplegu Planen bitartez, eta, berritasun gisa, energia teknikari postua ere aterako du. Igoera nabarmena izango du, beraz, atal honek 22.000 eurotik, 108.500 eurora.

Hurrengo urterako aurrekontu proposamena aurkeztu berri zaio oposizioari, eta hilaren 9an egingo da herritarrei aurkezteko bilera irekia: Potxoenean izango da, 18.30ean. Joan ahal izateko, mezua idatzi behar da komunikazioa@usurbil.eus helbidera.