- Denon ardura delako! lelopean, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak nahiz herriko eragile feministak hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunetarako Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izanik.

Egitaraua gaur bertan hasiko da Biteri kultur etxean hitzaldi batekin: Begiradak eta bizipenak txarrantxenartetik. Koordinadora Feministak eta Sarek antolatu dute, 19.00etatik aurrera.

Igandean, azaroaren 22an, Beldur Barik lehiaketa orokorreko sari banaketaren jarraipena egingo da, 17.00etatik aurrera, Gaztelekuan streaming bidez.

Azaroaren 24an, Biterin eta 19.00etan, Florecica dokumentala eskainiko da. Bertan, Josefina Lambertoren bizitza kontatzen da. Josefina 36ko Gerran faxistek Larragan (Nafarroa) bortxatu eta hil zuten Maravillas Lambertoren ahizpa da. Ondoren solasaldia egongo da. Dokumentala gazteleraz da, euskaraz azpititulatuta.

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, bi ekintza antolatu dira. Gaztelekuan, txapa feminista tailerra eskainiko da, 17.00etan eta 19.00etan salaketa ekimena, Erasoak soberan, erasotzaileak ere! Indarkeriaren pandemia denon ardura lelopean hasiko da, Koordinadora Feministak antolatuta.

Egitaraua azaroaren 27an amaituko da. Egun horretan, Hernaniko Beldur Barik sarien banaketaren emaitza jakinaraziko da komunikabide eta sare sozialen bidez.

Gainera, Berdintasun Kontseiluak eta Hernaniko Udalak antolatuta, azaroan zehar neskei zuzendutako Autodefentsa Feminista saioak eta mutilentzat bideratutako Maskulinatate Tailerrak eskainiko dira euskaraz eta online. Ikastaro hauen inguruko informazio gehiago, www.beldurbarik.eus/eu/ webgunean aurki daiteke.