Aurkikuntza ugari Andatza mendian azken urteetan

17.11.2020 | 02:50
Andatzan egindako indusketak. Argazkia: N.G.

Usurbil – Andatza mendian aurkikuntza ugari izan dira azken urteetan Usurbilgo Udalak gogorarazi duenez. Batetik, errotarrien eta mugarrien azterlana amaitu berri dute Joseba Peñak, Javi Castrok eta Asier Agirresarobek. Bestetik, hainbat dira Aranzadi zientzia elkarteak egindako indusketak, eta aurkikuntza berriak egin dituzte. Horiek guztiak izango dituzte ardatz azaroan eta abenduan egingo diren Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak jardunaldietan.

Bi saio izango dira, biak Sutegiko auditorioan 18.30ean. Hasteko, datorren ostegunean, Txangostako eta Irigaingo aztarna arkeologikoen inguruko solasaldia eskainiko du Aranzadik. Azkenik, abenduaren 17an, errotarriak eta mugarriak izango dituzte hizpide Peñak, Castrok eta Agirresarobek.

Andatzako aurkikuntza arkeologikoez Izaro Quevedo arkeologoak "Andatza gizakiak gutxi eraldatutako gunea izaki, aztarnak nahiko ondo mantendu direla" nabarmendu du. Manu Zeberio eta biak dira Andatzako proiektuaren zuzendariak. 2003 inguruan hasi ziren Andatzan lanean, baina bertan behera utzi behar izan zuten ikerketa, eta 2018an ekin zioten berriz. Urte horretan, trikuharri berri bat topatu zuten Txangostan, 1984an Antton Agirre Sorondok harrespila izan zitekeela esan zuen hura.

Irigainen, berriz, 2004an aurkitutako erromatar garaiko aztarnategiaren ikerketa berreskuratu dute aurten. Aurkitu dituzten material gehienak erromatarren garaiko zeramika arrunta dira, tornu motelez egindakoak. Lur egosi zatiak eta garaiko eraikinen aztarnak ere topatu dituzte. "Hasieran, Irigainen garaiko etxola bat zegoela pentsa-tzen genuen, baina aztarnategia uste baino handiagoa da: material kopuru handia jaso dugu, eta etxola bakarra izan partez eraikin bat baino gehiago zeudela pentsatzera eraman gaitu", azaldu du. Hurrengo urtean ere bertan lanean jarraitzeko asmoa dute.

Bestalde, abenduan Javi Castro ikerlariak Andatzan egindako lanari esker, munduan harrobi kopuru gehien duten bost udalerrien artean dago Usurbil: 24 harrobi eta 129 errotarri topatu ditu. Errotarri bat kaxkoko biribilgunean dago.

Osasun egoerak ahalbidetzen duenean, horiek guztiak bertatik bertara ezagutzeko ibilaldiak egingo dituzte, ikerlarien laguntzarekin. Usurbilkultura.eus webgunearen bidez eman behar da izena. Oraingoz, azarokoan eman daiteke.