UdazkeneanK ekimenaren barruan eta segurtasun neurri guztiak bermatuta, rnietako Udalak eta Poxta Zahar elkarteak hainbat jarduera antolatu dituzte udazkenerako. Denetarik eskainiko da eta adin guztietako pertsonei zuzendua egongo da.

Urria eta azaroan zehar 22 ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da: familia ikuskizunak, ipuin kontaketak, antzerkiak eta kale an-tzerkiak, musikalak, estilo oso desberdinetako kontzertuak, hitzaldia, bakarrizketa eta bertso saio bat. Egitaraua osorik www.urnieta.eus webgunean ikus daiteke, baita Udalak argitaratu duen diptikoan ere.

"COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera dela eta, egokitu eta berrasmatu egin behar dugu aisialdia eta gozamena bermeekin eta modu seguruan bateragarri egitea ahalbidetuko diguten formula alternatiboak bilatzeko, kontrolik gabeko pilaketak saihestuz", azaldu dute udaletxetik.

Atzo egindako aurkezpenean, David Roscok, Kultura zinegotziak, egoera zail hauetan kulturari balioa eman behar zaiola eta zaindu behar dela azpimarratu zuen. "Jaiak bertan behera gelditu ziren eta bertan aurreikusitako ekitaldiak ere bertan behera gelditu ziren, baina orain udazkenari begira Udaleko Kultura sailak eta Poxta Zahar gazte elkarteak egitarau anitz bat prestatu dugu", gaineratu zuen.

Roscok Poxta Zaharren elkarlana eskertzeaz gain, herriko beste talde eragileen prestutasuna ere goraipatu zuen, horien artean Egape dantza taldea prestatzen ari den ikuskizuna aipatu zuen.

Iñaki Otamendik, Kultura teknikariak, zehaztu zuenez, datozen bi hilabeteetan konfinamendu garaian eta Sanmiel festetarako zenbait taldeekin hitzartutako ikuskizunak berreskuratu dituzte eta beste berri batzuk ere gehitu dituzte.

Egitarauan azaltzen ez den arren, Garikoitz Mendizabal txistulariak azaroaren 22ko kontzertuaren aurretik herritarrei irekitako masterclass bat eskainiko du.

Amaitzeko, zinegotziak ikuskizun guztietan segurtasun neurriak bermatuko direla ziurtatu zuen. Ikusleen artean 1,5 metroko distantzia gordeko da, ikuskizuna irauten duen bitartean musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da eta eskuak garbitzeko gela jarriko dute.

Bestalde, sarrerei dagokienez, Udalak antolaturiko ordainpeko ekintzetan bi sarrerako lau sorta zozkatuko dira ikuskizuna baino bi aste lehenago, eta astean bertan aurresalmenta jarriko da abian. Era berean, sarrerak Internet bidez eskuratzeko aukera ere izango da.

Urnietako Udalak antolaturiko doako ekintzetan, berriz, gonbidapenak Saroben izango dira eskuragai, eta ipuin kontaketen kasuan, ostera, edukiera bete arte egongo da sartzeko aukera.

Azkenik, Poxta Zaharrek antolaturiko ekintzetan ez da zozketarik izango eta sarrerak aurrez hartu beharko dira Saroben.