Denbora gutxi falta da Zumarte musika eskolako eta Orbeldi dantza taldeko kideak egoitza berrian lanean hasteko surbilgo udaletxetik jakitera eman dutenez. Izan ere, eraikina berritzeko lanak amaituta, barrualdea garbitu eta hornitzea baino ez da falta, eta hilaren amaierarako bertan egotea aurreikusten da.

Azken urteetako herriko proiektu estrategiko hau gertutik ezagutu ahal izateko, Udalak herritarrek eraikina ezagutzeko bisitak antolatu ditu hilaren 24ean. Inaugurazio ekitaldia ere egun berberan burutuko da.

Ordu erdiko hiru bisita izango dira, 11.00etan hasita. Segurtasuna bermatze aldera, aforoa mugatua izango da. Horregatik, izena eman behar da, hezkuntza@usurbil.eus helbide elektronikoan.

Inaugurazioa bisitak amaitzerakoan hasiko da, 12.30ean, eta Udaletik aurreratu dutenez, ekitaldi xumea izango da, COVID-19 dela eta hartu beharreko segurtasun neurriak tarteko.

Gogora ekarri dutenez, 2017-18 ikasturtean hasita, aurreikusi baino gehiago luzatu dira lanak. Izan ere, tartean, enpresa eraikitzailearekin, Moyuarekin, desadostasunak izan ziren. Eraikina birgaitzeko konpromiso irmoarekin, ordea, akordioa lortu, eta erritmo bizia hartu zuen obrak. Ikasturtea han hastea zen asmoa, baina COVID-19ak beste behin eragin dio obraren martxari. Azkenean, eraikin berrian musika eskolako ikasturtea eta dantza entseguak hilabete honen bukaeran hasiko dira.

Eraikina energetikoki efizientea izango da. Batik bat, erabiliko duen beroketa sistemak geotermia bidez funtzionatuko duelako. Horrez gain, zeharka helburu horri laguntzen diote, batetik, egitura guztia egurrezkoa izateak, eraikitzerako orduan, hormigoiak baino aztarna ekologiko txikiagoa baitu, eta, bestetik, estalki begetalak.

Obraren beste helburuetako bat eraikin zaharra berreskuratzea izan da, nahiz eta berri bat eraikitzea baino garestiagoa izan.

Urriko lehenengo egunean Zumarte musika eskolako irakasleekin bisita egin zuten Udalbatzako zenbait ordezkarik eta obra zuzendaritzak, irakasleen eskariz.