2020/21 ikasturteko kirol ikastaro eskaintza aurkeztu zuen atzo Hernaniko udalak. Momentuz helduentzako ikastaroak soilik antolatu dira eta 800 bat plaza prestatu dituzte. Aurrerago zabalduko da haur eta gaztetxoentzako eskaintza, egoerak aukera ematen duenean. Erabaki hau pandemiaren gorabeherei hobeto egokitzeko asmoz hartu da.

Bestalde, aurtengo berrikuntza nabarmenena kiroldegi barruko ikastaroez gain, aire librean ere izango direla da. Honenbestez, ikastaroak izango dira uretan, fitness aretoetan eta aire librean. "Horrekin Hernanin barrena ere jendeak jarduera fisikoa egitea bultzatu nahi da, eta aire librean ekintzak egitea", adi-tzera eman dute Udaletik.

Horrez gain, COVID-19ak eraginda, plaza gutxiago eskaintzeko aukera izango da kiroldegian eta aire libreko ikastaroekin zabalduko da eskaintza.

Aire libreko ikastaroak hiru izango dira: Martxan Jarri!, Hernanin Barrena eta Zirkuituak aire librean.

Martxan Jarri! 65 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago. Ariketa fisikoa taldean egitea da funtsa, modu ludikoan. Egoera fisikoari eta osasun orekari eutsi nahi dion guztiari zuzendua dago.

Hernanin Barrena ikastaroan, aldiz, fisikoki entrenatuak dauden pertsonen taldea osatu nahi da. Jarduera eta ariketa nahasi asko proposatuko dira: zirkuituak, korrika...

Azkenik, Zirkuituak aire librean saioetan zirkuitu modura landuko diren ariketak egongo dira eta asmoa oinarrizko ezaugarri fisikoak hobetu eta bizitzeko modu osasun-tsuak sustatzea da.

Hori bai, eguraldi txarragatik aire librean ikastaroak egin ezin diren egunetan, kiroldegi barruan egiteko aukera izango da.

Aurten ez da urte osoko ikastaro eskaintzarik egongo. Ikastaro eskaintza gehiengoa hiruhileko iraupenekoak izango da; uretako Haurdunak, egokitua eta Forma fisikoa hobetu, eta lehorreko Hipopresiboak eta luzaketak erditu ondorengo emakumeentzat kenduta, hauek hilabeteko iraupenekoak izango direlarik, orain arte eskaini izan diren modu berdinean. Hizkuntzari dagokionez, gehienak euskaraz izango dira.

Izen-ematea webgune bidez (https://web.hernani.eus/kirola/login.aspx orrialdean) edo kiroldegian bertan egin ahal izango da, aldez aurreko hitzordua eskatuta (943 552 185 telefonoan). Izen-ematea irailaren 20ra arte egongo da zabalik urria eta abendua bitarteko ikastaroentzat. Plazen zozketa irailaren 21ean burutuko da.

Ikastaro eskaintza osoa Hernaniko udaleko kirol saileko webgunean dago jadanik ikusgai.