- Azaroko Osoko Bilkuran onartu zuen Usurbilgo Udalak 2020rako aurrekontua: 12,37 milioi eurokoa. Baina, gizartearen gainerako esparru guztietan bezala, COVID-19ak arrastoa utzi du Udalen ahalmen ekonomikoan ere. Honenbestez, Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkurak 11,5 milioi euroko aurrekontu egokitua onartu zuen, diru-sarrerak 1,5 milioi euroan jaitsiko direla aurreikusi baitzuten. Aldaketa honen alde EH Bilduk bozkatu zuen, EAJk kontra bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen.

Horrez gain, COVID-19aren aurretik hartutako hainbat konpromiso eta ezusteko gastu bat tarteko, 722.753 euroko kreditu gehigarriak gehitu zaizkio aurrekontuari, diruzaintza gerakina baliatuz nagusiki.

Diru-txertaketa horren zati bat Zumarte amaitzeko enpresa eraiki-tzailearekin adostutako konpromisoarekin lotuta dago: 337.620 euro. Obrak bideratzeko akordioa lortu zuen Udalak Moyua enpresa eraiki-tzailearekin. Horri esker, eraikinean bertan hasi ahal izango dute ikasturtea musika eskolako ikasleek zein Orbeldi dantza taldeko kideek. Diru hori, beraz, akordio horren barruan hitzartutakoa da; Moyuak, bere aldetik, bere hitza bete, eta amaitzear ditu obrak.

Beste zatia azken hilabeteetan jasotako ezusteko bati dagokio: Foru Aldunditik jasotako errekerimendu baten ondorioz, Udalak 283.326 euro ordaindu berri dizkio Aldundiari. Duela hamar urte inguru, Ugartondoko operazio urbanistikoa martxan jarri zenean, permuta egin zuen Udalak, udal-brigadaren Atalluko eraikinarekin. Udalak, garai hartan, ulertu zuen salerosketa hark ez zuela BEZa ordaintzerik eskatzen, baina, orain, BEZ hori ordaintzeko exijitu dio Aldundiak.