- 358.500 euroko gastua egin dute hernaniarrek herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan #eutsihernani erosketa bonuen kanpainari esker. Hernaniko Udalak jakitera eman duenez, 50 euroko 5.294 bonu saldu dira. Bonu euro bakoitzeko 1,37 euro gastatu dira; beraz, gastu erreala %37 handitu da.

Ekainaren hasieran jarri zuen martxan Udalak, Berriak merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, COVID-19ak tokiko ekonomian eragindako kalteak leundu nahian.

Hernaniko biztanle guztiek izan dute aukera bonua erosteko, helduek zein adin txikikoek, eta kanpainara atxikitu diren herriko 153 negozioetan ekaina osoan gastatzeko.

"Herritarren erantzuna oso ona izan da. Bonuen salmentarik handiena lehenengo egunetan egin zen arren, lehen astean 2.381 bonu saldu ziren, salmentaren erritmoa hilabete osoan mantendu da: kanpainaren azken txanpan 400dik gora bonu saldu ziren", azaldu zuten. Zehaztu zutenez, bonuetan 261.610 euro mugitu diren arren, egin diren erosketen fakturak ikusita, 358.421 euroko gastua eragin du kanpainak. Elikagaietan, arropetan eta ileapaindegietan egin dira erosketa gehienak.