- Urnietako Udalak antolaketa lan guztiak gauzatu ditu ekainaren 29an hasiko diren udalekuen inguruan eta begiraleek ere gauzatu dute Aldundiak prebentzio eta higiene neurriei buruz emaniko ikastaroa. Horrenbestez, izena emandako haurrak bospasei pertsonako multzoetan banatu eta ondorengo eraikinetan bereiztu dira: Arantzubiko ludoteka, Egape DBHko bi eraikinak, musika eskola eta Sarobe. Izena emandako haurren gurasoei zuzenean abisatuko zaie zein eraikin egokitu zaien.

Koronabirusak baldintzaturiko testuinguru honetan, momentuko errealitatera egokituriko udalekuak antolatu ditu aurten Udalak, zain-tzara bideraturikoak, hain zuzen ere. Dena den, umeek atsegin dituzten aisi ekintza desberdinak garatzen saiatuko dira uztailaren 24a bitarte.

Udalekuetan segurtasuna berma-tzeko, hainbat neurri ezarri dira. Adibidez, haurrei tenperatura hartuko zaie sarreran, eta sukarra izanez gero etxera joan beharko dute. Horregatik oso garrantzitsua izango da guraso, tutore edo arduradunek itxarotea haurra sartu arte. Gainera, eraikinera sartu aurretik gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbituko dituzte haurrek. Printzipioz, haur bakoitzak harremana bere taldeko haurrekin eta begiralearekin bakarrik izango du.

Derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea bi metroko distantzia ezin bada gorde, beraz, haur guztiek etxetik ekarri beharko dute maskara, eta sarreran erakutsi. Bestalde, haur bakoitzak egunero garbitu eta desinfektatuko den pantaila bat izango du, une batzuetan tarteko distantzia gorde badaiteke erabiltzeko eta maskaratik atsedena hartzeko. Hala eta guztiz ere, goizean zehar, beti saiatuko da, dinamika eta joko batzuk distantzia handiarekin egiten, musukorik edo pantailarik gabe.