Usurbil - Pediatra berria jarri du Osakidetzak, behin-behinean, Usurbilgo osasun etxean, baina ez daki euskaraz. Hori dela eta, Osakidetzarekin eta UEMArekin harremanetan jarri da Usurbilgo Udala, arazo hori konpontzeko.

Honen aurrean, Usurbilgo Udalak eta UEMAk, elkarlanean, gutun bana igorri zieten Donostiako ESIko pertsonaleko zuzendariari, Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteari, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eta Osakidetzako giza baliabideetako zuzendariari. Berriki, Osakidetzak Udalari baieztatu dionez, epe luzeko kontratazio bat egiteko hautaketa prozesua abiatu du, eta langile berria apirilean iritsiko dela ziurtatu dio.

Pediatra berriak euskara ez zekiela jakin zuenean, Udala Osakidetzarekin eta UEMArekin harremanetan jartzeaz gain, salaketa bana jarri zuen Behatokian eta Elebiden.

Izan ere, Usurbil UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Euskara da nagusi herrian, eta osasun etxean ere euskaraz hitz egin ahal izatea berma dadin nahi du Udalak.

“Pediatra euskalduna izatea ezinbesteko baldintza da guretzat eta euskaraz bizi nahi duen herri baten-tzat”, nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, aldaketa zetorrela jakin bezain pronto Osakidetzari igorritako gutunean. Alkateak argi utzi du ere pediatra berriaren profesionaltasuna ez dutela zalantzan jartzen.