Urnieta - Egape ikastolako DBHko eraikinaren eta Lizardiko instalazioetan duen parkearen berritzeei buruzko mozioak izan ziren nagusi astearte arratsaldean Urnietako udaletxean ospatu zen Udalbatzarrean. EH Bilduk aurkeztutako bi mozioak aho batez onartu ziren, EAJko gobernu taldearen eta alderdi sozialistako bi zinegotzien babesa izan baitzuten.

Lehen mozioak Egape ikastolako DBHko ikastetxe berria ahalik eta azkarren errealitate izan dadin ahal den guztia egiteko beharra planteatzen zuen, horrela, herriko ikasleen beharrei erantzuteko. Era berean, mozioa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari helarazteko beharra islatzen zuen, eraikina erakunde honen eskumena delako.

Mikel Pagola alkateak azaldu zuenez, DBHko eraikina egitea lehentasuna da Udalarentzat eta horretarako beharrezkoak diren tramiteak ahalik eta azkarren gauzatzen ari da. Udalak eskatu zien zentroa eraikiko den lursailen jabeei Plan Partziala hasteko. Era berean, Udalak bere gain hartu ditu momentuz, Plan Par-tziala idazteko gastuak, lursailaren titulartasuna lehenbailehen lortzeko, eta gero, Hezkuntza Sailari laga ahal izateko. Plan Par-tziala idatzita dago eta alegazioak erantzuteko fasean aurki-tzen da.

Lizardi parkeari dagokionez, 2020ko aurrekontuan 30.000 euroko partida bat dagoela argitu zuen alkateak, berritze lanei ekiteko, eta beraz, aurten egingo da. Horrela, ikasleek parke egoki bat izango dute, mozioan premiatzen zen bezala. - A.M.