- Kasino Zaharra Adinekoen Etxea pandemia hasi zenetik aktibitatea berreskuratu ez duen eraikin publiko bakarra dela salatu zuen atzo Abotsanitz udal talde hondarribiarrak, instalakuntzaren lorategietan eskaini zen prentsaurreko batean.

Taldearen bozeramailea den Igor Enparanek azaleratu zuenez, “pandemiak gehien kolpatu dituzten hondarribitarrei zerbitzua ematen dien eraikina” da udal Gobernuak ireki ez duen bakarra, “botere publikoek zahartzen ari diren pertsonen segurtasuna eta gizarteko inklusioa bermatu behar duten arren”.

Alderditik gogorarazi zutenez, 2021. urtean zehar sarritan aldarrikatu zuten udal eraikinen irekieraren beharra, herritarrei zerbitzu garrantzitsuak emateko ezinbestekoa baizen. “Ez guk nahi genuenean, baina dagoeneko ireki dituzte ia guztiak, denak Kasino Zaharra izan ezik”, zioen Enparanek, ekipamendua itxita egoteko arrazoi objektiborik ez dagoela azpimarratuz.

Izan ere, Hondarribiko 2022ko udal aurrekontuan “kapitulu berezitua du Kasino Zaharrak” eta bertan, irekita edukitzeak eragiten dituen kosteei erantzuteko behar diren kopurual jasota daudela nabarmendu zuen bozeramaileak. “Udalbatzetan galdetu izan dugunean ez dugu erantzun zehatzik jaso”, gehitu zuen Enparanek. Horregatik, taldeak ez du itxiera ulertzen, Udalak Adinekoen Etxearen irekiera ekonomikoki aurreikusita baitu.

Ondoren, Estitxu Urtizberea taldeko kideak instalakuntza honek 1980 hamarkadatik adineko hondarribiarrei zerbitzua ematen diela gogorarazi zuen. Ildo horretan, berrireki-tzeko eskaera ez dela soilik Abotsanitzena adierazi zuen Urtizbereak eta kalean bildutako erabiltzaileen sentipen batzuk irakurri zituen: “Ikusezinak bagina bezala tratazen gaituzte”, edota “Jarrera honek nagusienganako erabateko inkonpresioaren sentimendua sortzen du, bakardade handiagoa sortzen digu”.

Hirugarren adineko pertsonentzako bilgunea delako, haien autonomia eta integrazioa bermatzen duelako eta pandemia garaian fisikoki eta psikologikoki gehien sufritu dutenak ere direlako “Kasino Zaharrak irekita egon behar” duela aldarrikatu zuten atzo Abotsanitzetik.

Zahartzen ari diren pertsonen independentzia sustatzeko, Udalak zeharkako prebentzio politikak ezarri behar dituela zioten taldeko kideek, eta horretarako “Kasino Zaharra berehala irekitzeko” exijitu zioten udal Gobernuari.