- Hondarribiko Udalak, Bidasoa Bizirikek, eta Bidasoaldeko itsas munduan lan egiten duten hainbat aisialdi enpresek Hondarribia itsasoa da komunikazio kanpaina martxan jarri dute udako denboraldiari begira. Aurtengoan, pandemiak jarduera nautikoa berriz baldintzatuko du. Hala ere, enpresak "ekitaldiak antolatzeko gogo askorekin" daudela adierazi zuen atzo Maria Serranok, Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.

Denboraldia bultzatzeko, itsas sektorearen eskaintzaren zabalpenean komunikazio digitala asko indartuko dela azaldu zuen Serranok. Kanpainaren baitan, sare sozialetan enpresa nautikoen jardueretan parte hartzeko aukerak zozketatuko dira.

Bestalde, birusaren eraginarengatik aste hauetan enpresa nautikoetan ohikoak diren jardunaldi irekiak ezin izango dira ospatu. Ekimen hauek ordezkatzeko, larunbata honetan (maiatzak 29) San Pedro kalean postu fisiko bat jarriko da informazio osoarekin, "hiritarrak eta bisitariek jakin dezaten zein den alor nautikoan daukan eskaintza aberatsa", zinegotziaren hitzetan. Gainera, postuan kanpainaren aurreikusita dauden zozketetan parte hartzeko galdetegiak betetzeko aukera egongo da.

Sektorea sustatzeko kanpainaren aurkezpena Hondarribiko Kirol Kaian burutu zuen atzo Serranok, Bidasoaldean lan egiten duten enpresa nautikoen hainbat ordezkariekin batera. Kanpainan guztira hamabost enpresa hartuko dute parte aurtengoan, eta hauen artean hurrengoak aurki daitezke: Kayak Basque Country, Navegavela, Euskadiko Kirol Portuak, Santiagotarrak, Central Surf Eskola, Hondarribiko Klub Nautikoa eta Surf Teknika Eskola.