- Hondarribiko Udalean gaur arratsaldean eztabaidatuko den kreditu aldaketarako proposamenak ez egitearen zergatia azaldu izan nahi du aste honetan EH Bilduko udal taldeak. Koalizio abertzaletik ohar baten bidez adierazi dutenez, EAJko tokiko Gobernuak Hondarribia "irizpide ezagunik gabe" gobernatzen du. "Legealdiaren erdia bete dugu, eta, sinesgaitza badirudi ere legealdi-planik gabe gaude", zioten taldetik idatzian, legealdi plan bat izatea idatziz, ahoz eta mozio bidez eskatu dutela gogoraraziz. Honez gain, aurrekontuen exekuzio maila kezkagarria dela eta Gobernuak instituzioaren erabilera alderdikoia egiten duela uste dute EH Bildutik. "Guk baditugu Hondarribia hobe bat eraikitzeko proposamenak", amaitzen du EH Bilduren oharrak, "baina ez dugu bakar bat ere aurkeztu Hondarribiko tokiko Gobernuak bat ere sinesgarritasunik ez duelako".