Hondarribiko Udalean "ematen den gardentasun eza" salatzeko asmoz, ondarribiko Abotsanitz udal taldeko Igor Enparan bozeramailea eta Aitzol Arroyo zinegotzia Arartekoko teknikariekin bildu ziren ordu eta erdi luzez pasa den astean azken honek Donostian duen egoitzan.

Bileraren ondoren kaleratutako ohar batean, Abotsanitzek taldearen sorreratik Hondarribiko Udalean "lan egiteko zailtasun asko daudela" beti salatu duela gogorarazi zuten. "Hala, 2019ko urrian eta 2020ko urrian, zinegotziei informazio eskubidea urratzen zaiela onartu izan du udalbatzak, oposizioko talde nagusiak aurkeztutako mozioen harira", zioen taldeak osatutako idatziak.

Ildo berean, Hondarribiko Udal Gobernuak traba hauek ere "onartu" egin dituela baina "egoera zuzentzeko" urratsik eman ez direla eta "mozioetan adostutako puntuetatik bakar bat ere ez" dela errespetatu azpimarratu zuten taldetik. Esaterako, Udalean eguneroko lana ahalbidetuko duen prozedura ezar-tzeko eta udal kideei beharrezko tresnak eta formazioa helarazteko helburu zuten puntuak momentuz ez direla gauzatu argudiatu zuten Abotsanitzetik.

Osoko Bilkuretan adostutako mozioez gain, Arartekoaren teknikariekin erantzun gabeko eskaerak eta eguneroko udal jarduera buru-tzeko behar diren tresnak izan zituztela hizpide azaldu zuten taldetik. Gainera, teknikariek beraiei ere Hondarribiko Udalarekin harremanetan jartzea kosta egiten zaiela zinegotziei onartu zietela ziurtatzen zuen Abotsanitzeko oharrak.

Enparanek bileraren ondoren bilkura "aberasgarria" izan zela baieztatu zuen, eta Arartekoko Gipuzkoako teknikariek gardentasunaren ikuspegitik lanketa burutzeko, inguruko herrietako adibideekin konparaketa egiteko eta jarraibide sorta baten proposamena lantzeko konpromisoa hartu zutela iragarri zuen.