COVID- 19aren agerpenak ondorio oso kaltegarriak izan ditu Hondarribiko merkatarien eta ostalarien artean osasun krisiaz gain. Hiri turistikoa izanda, pandemia kontrolatzeko hartutako murrizketak bete-betean kolpatu ditu tokian-tokiko establezimenduak, bisitarien joan-etorrietara ohituta daudenak. Salmentak nabarmen behera egin duten urte honetan, aldiz, bertako bezeroak berreskuratzeko aukera izan dute merkatari eta ostalariek.

Egoera honen aurrean, tokian-tokiko saltoki txikien kontsumoa sustatzeko Euskadi bono-denda programa jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak lurralde bakoitzeko erakundeen laguntzarekin. Hortaz, bonu bakoitzarekin herritarrek 30 euroko erosketa egitean 10 euroko deskontua jasotzen zuten. Kanpaina uda hasieran jarri zen martxan eta pasa den otsailaren 28an amaitu zen. Hondarribiko Udalak ere bultzada eman nahiz izan zion programari 150.000 euroko aportazioa eginez. Denbora tarte horretan 10.500 merkataritza bonu baino gehiago trukatu dira Hondarribiko establezimenduetan eta 40 saltokitik gora parte hartu dute.

Behin programaren epea amaituta, balorazioak egiteko garaia da. Gabonetan kanpaina "oso ondo funtzionatzen ari zela" aurreratu zuen Mari Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak eta hura amaituta, "oso balorazio positiboa" egin du. "Saltokietan oso harrera positiboa izan dute bonuek eta baita herritarren artean ere. Uste dugu hondarribiarrek bertako dendak ezagutzeko eta bertan erosteko aukera bultzatu dugula", zehaztu du zinegotziak. Gabonetako erosketak bertan egiteak ere emaitza positiboak izan dituela azpimarratu du Serranok. Gogoratu beharra dago bonuen programaz gain, Hondarribiko Udalak Fan Fan Challenge lehiaketa edo tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat ere abian jarri zituela.

Aurtengo esperientzia ona ikusita, Hondarribiko Udaletik etorkizunean programa errepikatzeko asmoa dutela azaldu dute. "Uste dugu erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa behar-beharrezkoa dela eta beste erakundeekin batera lan egitea da guretzat aukera hoberena. Beste erakundeek ez badituzte berriro bonuak ateratzen, guk gure lanketa martxan jarriko dugu", nabarmendu du Serranok.

diru-laguntzak

Merkatariak bezala, Hondarribiko taberna eta jatetxeak egoera zailean murgilduta daude. Murrizketa desberdinek herriko ostalariek negozioak ixtera eta irekitzera eraman diete hainbat alditan eta gaur egun gehienek ateak irekita dituzten arren, badira itxita jarraitzen duten lokalak ere. "Herri guztietan bezala, ostalariak asko sufritzen ari dira. Espero dugu egoerak lehenbailehen hobera egitea eta egonkortasun garaiak iristea", dio Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.

Ezegonkortasun honen aurrean, Udala herriko ostalariekin batera lanean ari da hauei laguntza berriak eskaintzeko. "Ahal bezain pronto atera nahi ditugu, badakigulako ostalaritza oso garai gogorra bizitzen ari dela". Administrazioan bete beharreko prozesuak eta tramiteak direla medio, Udaletik jakitun dira horiek aurrera ateratzea nahi baino denbora gehiago suposa lezakeela. "2021eko aurrekontuetan 270.000 euro onartu genituen diru-laguntzetarako eta gehiago behar badira handitzeko prest egongo gara", ziurtatu du Serranok.