hondarribia - Pandemiaren harira, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako zuzendari pedagogikoa den Esther Barandiaranek argitu duenez, Kultur Etxean programa honen barnean ospatzen ohi diren ekitaldi musikalak itxiak izango dira: “Aurtengoa barrutik pentsatua eta barruan gozatzeko da”.

Hala ere, otsailaren 1etik 5era arte antolatu den programazioa “jarduera desberdinak eta aberatsak” izango dituela gehitu zuen Barandiaranek, eskolako zuzendaritzak ekimenaren laugarren edizio honen antolakuntzari “mimo berezia” jarri baitio. Ildo horretan, eta ikasleek ekimenaz gozatzeko helburuarekin, egun horietan ez da klaserik egingo ohiko ordutegian. Horren ordez ekitaldietan irakasleek, Barandiaranen hitzetan, “heziketaren beste alderdi batzuk lantzeko” aprobetxatuko dute.

Eskolako zuzendariarekin batera, atzoko agerraldian Julia Lasa diseinatzaile eta ilustratzaile hondarribiarra, A Tempo programaren laugarren edizioaren kartelaren egilea, egon zen. Lasak adierazi zuenez, “poz handiz” burutu du lan hau. “Dantzari baten irudia da, bere imaginazioari hegan egiten uzten diona musika jarraituz”, azaldu zuen marrazkilariak, kartela egiteko Mikel Laboaren Txoria Txori abestian inspiratu zela gehituz.

Beste ekitaldien artean, programazioak gurasoentzako, ikasle helduentzako eta irakaslteentzako aktibitate bat aurreikusten du: Educación musical, nuestra mejor inversión izenburu duen hitzaldi bat, Maria José Aramberri Musikeneko irakaslearen eskutik. Ikasleek aldiz, ekimen ugariz gozatu ahal izango dute; esaterako, txontxongilo eta perkusio tailerrak, beste ikasleen emanaldiak, eta eskolako irakasleak ez diren artistek emango dituzten klase bereziak.

Bere aldetik, Kultura zinegotzi den Juan Luis Silanesek eskerrak eman nahi izan zizkien Lasa diseinatzaileari, bere lanagatik, eta Musika eta Dantza Eskolari, azken 30 urteetan musika eta pedagogia aldetik oso emaitza onak izateagatik. “Eskolak egiten duen lana Hondarribiko gizartearentzat garran-tzi handikoa dela uste dugu”, amaitu zuen zinegotziak.