Unai eta Maialen Oiartzun anai-arreba irundarrek Euskara arloko Jose Antonio Loidi bekaren baitan azken bi urteetan osatu duten ikerketa baten arabera, uskaraz idatzitako liburuek Irungo CBA udal liburutegiaren maileguen %17a suposatzen dute. Ikerlariek bere lanketa kuantitatibo eta kualitatiboaren ondorioak pasa den ostiralean ospatutako prentsaurreko batean aurkeztu zituzten.

Lanaren lehenengo ondorio nagusia, Unaik argitu zuenez, liburutegian “euskaraz irakurtzeko ohitura mugatua dela” da, bai euskaldunen artean eta bai orokorrean. Euskarazko irakurzaletasunak hirian dituen mugak azaltzeko faktoreen artean, ikerlariak Euskadin “errealitate orokorra” dela eta, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak haurren eta gazteen artean zabaldu den arren, hauek, berezikinerabeek, orokorrean gutxiago irakurtzen dutela aipatu zituen.

Liburutegiaren funtsa osoa kontuan hartuz, honen %16a euskaraz idatzitako liburuez osatuta dago. Termino ekonomikoetan “eskaintza eta eskaria” parekatuak dauden arren, euskarazko liburu asko “fisikoki eta linguistikoki zaharkituak” daudela eta horrek irakurzaletasuna zailtzen duela azaldu zuen Unaik.

Maialenek zerrendatu zituen egoera hobetzeko proposamenek instalakuntza publikoa “jarrera aktiboa” izatea eskatzen dute, euskarazko liburuen erabilpena sustatzeko “ahalegin handiagoak” egin daitezen. Beraz, lehenik eta behin, ikerketaren ondoriek CBAren funtsa “aberastea” proposatzen dute, “euskarazko nobedadeak gehituz”, gazteentzako litetatura atala handituz eta liburu zaharkituak berrituz. Ildo berean, espazio fisikoa erabiltzaileentzat erakargarriagoa egitea, bertan iradokizun kutxa bat ipintzea eta irakurketa errazako atal bat sortzea proposatu dute ikerlariek.

Bere aldetik, Miren Echeveste, Euskara arloko ordezkariak, Oiar-tzun anai-arreben lana eskertu zuen eta egindako proposamenak aztertuko direla baieztatu zuen.