- COVID-19aren pandemia osteko Europa berreraikuntzen laguntzeko eta lurralde ekologikoagoak, digitalagoak eta erresilienteagoak sustatzeko1,8 bilioi euroko funtsak onartu zituen Europar Batasunak joan den udaran.

Irungo EAJk hausnarketa bat egin zuen aukera horren harira eta udal gobernu sozialistari "ikuspegi orokorreko" proiektu bat aurkeztu zion. Taldetik aste honetan adierazi zutenez, azaroaren amaieran jakitera eman zuten proposamena "hiria hobetzeko proiektu interesgarri bat" zen, jatorri gisa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta Irungo Udalak ere partekatzen duen Txingudiko 2015-2026 Plan Zuzentzailea zuena.

Egitasmo horrek berreskuratu nahi ditu Bidasoaren ertzeko ingurumen balio handiko tarte naturalak, gaur egun degradatuak daudenak eta sarbiderik ez dituztenak, Irungo hiri eremuan integratuz, eta irundar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko ahalbidetuz.

Hala ere, jeltzaleek azken egunotan salatu dutenez, tokiko gobernu taldeak egitasmo hura baztertu egin zuen hiriko proiektuen zerrenda lantzerako orduan: "Udal Gobernuak, zoritxarrez, egin genuen proposamenari ez zion jaramonik egin eta modu saihestuan, inolako arrazoirik gabe, ez zuen egitasmoa Irungo proiektuen zerrendan sartu".

Alabaina, Iñigo Urkullu lehendakariak astearen hasieran aurkeztutako eta 188 proiektu jasotzen dituen dokumentuan, Euskadi Next Generation bezala ezagutarazi dena, Txingudiko badiaren inguruko natur guneen konektagarritasuna hobe-tzeko Gida Planari bultzada ematea atxikitzen da. Hau, Irungo EAJren-tzat, "oso albiste ona da Irungo hiritar guztientzat".

Era berean, orain Gobernu zentralaren onespenaren zain dagoen Euskadi Next Generation dokumentua aztertu ondoren, "lurraldetzen ez diren beste hainbat gai jorratzen direla" ere ikusi dute Irungo jeltzaleek; "besteak beste, garraioaren eta hondakinak biltzeko ibilgailuen elektrifikazioa, administrazioaren digitalizazioa eta Smart City-a, alokairuko etxebizitzak, eraginkortasun energetikoa...". Proiektu hauek "Irunek jasoko dituen beste hainbat laguntza" aurreikusten dituztela eta "irundar guztiontzat ere onuragarriak izango" direla argudiatzen zuten jeltzaleek. Dokumentua xehetasunean aztertzen joango direla eta Madrilgo Gobernua zerrenda "arazorik gabe onartzea" espero dutela adierazi zuten Irungo EAJtik.