- Irungo PSEk eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak adostutako gobernu akordioaren ostean, EH Bilduko udal taldeak hirian geratzen den "ezkerreko alternatiba bakarra" gisa aurkeztu zen atzo, akordioari buruz argitaratu zuen idatzi batean. Bere komunikatuan, EH Bilduk akordioak taldearen eginkizuna eta helburuak ez dituela aldatuko ziurtatu zuen: "Jarrera proaktiboa izaten segituko dugu, beraz, ez diogu ezeri uko egiten, eta udal-gobernua zorrotz kontrolatzeaz gain, aurreko aurrekontuan hartutako erabakien jarraipen zorrotza egingo dugu, bete daitezen". Akordioaren iragarpenean Gobernu berriko karguen banaketa zein izango den argi utzi zen arren, EH Bildurentzat oraindik garrantzi-tsuena falta da: zertarako eratu den jakitea. "Gaur egun ez dakigu zein den gobernu berriaren programa, beraz, harik eta hau ezagutu arte ezin izango dugu sakoneko baloraziorik egin", amaitu zuten taldetik.