- Pandemiaren testuinguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020 eta 2021 urteetan aurrekontu egonkortasuna eta zor publikoaren helburuak eraginik gabe uzteko eta gastu araua ez aplikatzeko hartutako erabakiarengatik, Hondarribiko Udalak 1,8 milioi eurotan zorpetu ahal izango da 2021ean. "Urtero aurrekontuak lantzerako orduan pasa ezin dugun diru muga bat daukagu, eta aurtengoan ez dugu langa hori; guretzako aukera oso garrantzitsua da". Hondarribiko udal gobernuak 2021erako landu duen aurrekontu zirriborroa, Herritarrak ardatz lelopean aurkeztuta, 24,6 milioi eurokoa dela iragarri zuten atzo Txomin Sagarzu alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasuneko zinegotziak.

Aldaketa horiek datorren urterako aurreikusten diren diru-sarrerak txikiagoak konpentsatzea ahalbidetuko du. Izan ere, Hondarribiklo Udalak altxortegi gerakinetan duen dirua haserako aurrekontura bideratzea ezinezkoa da oraindik; Sagarzazuren hitzetan, "bestelakorik esaten duenak ez du egirik esaten".

Bestalde, Altunak aurrekontu zirriborroari buruzko xehetasunak eman zituen, 2020koari alderatuta %10a gora egin duela nabarmenduz. Dokumentuak aurreikusten dituen 24,6 milioietatik, atal nagusia gastu soziala da; kapitulu horrek jasotzen dituen kontzeptuek ia 8 milioi euro gehitzen dituzte, aurrekontuaren %32,4a. Kopuru horretan sartzen dira, besteak beste, Gizarte Zerbi-tzuak, Hezkuntza, Euskara eta Prebentzio Komunitarioa.

Aldi berean, pertsonek eta familiek bere atala dute zirriborroan, Altunak adierazi zuenez, pandemiak gauzatutako kalteak arintzea lehentasuna baita gobernuarentzat. Ildo horretan, etxez etxeko laguntza zerbitzurako 846.000 euro bideratuko dira, gizarte larrialdietarako laguntzetarako beste 481.000, eta lehen mailako gizarte laguntzetarako 605.000 euro.

Ekonomia suspertzeko, aldiz, 1,4 milioi inguru erabiltzea proposatuko du gobernu jeltzaleak, bertako jarduerak sustatzeko ekimenak egiteko 200.000 euroko partida batekin, beste kontzeptuen artean.

Gobernu taldeak landutako zirriborroari buruzko informazioa eskuragai dago Interneten, hondarribikoaurrekontuak2021.eus webgunean. Alkateak gogorarazi zuenez, dokumentuaren lanketa ez da bukatu eta datorren astean gobernuak oposizioaren zuzenketak aztertuko ditu. Ondoren, proposamena abenduaren 17an ospatuko den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.