- Erribera eremuko drainatze lanek 5.000 euroko aurrekontua izan dute aurtengoan, iazkoa baino kopuru txikiagoa, 2019an egindako garbiketa lehenengoa izan baitzen. Silanesek azaldu zuenez, Udalaren intentzioa datozen urteetan drainatze sarea mantentzen jarraitzea da.

Erribera eremuko erreka eta inguruko baratzen drainatze sarea garbitzen eta hobetzen ari da egun hauetan Udala; hala jakitera eman du aste honetan Nekazaritza zinego-tziak, Juan Luis Silanesek, eremuan bertan eskaini zuen agerraldi batean. Zinegotziak adierazi zuenez, azken urteotan Udalak garatzen ari den proiektu honek inguruko bizilagunen eta landa lurren erabiltzaile eta jabeen eskakizunei erantzuna da.

Erribera eremua aireportuko errepidearen inguruan dago, eta draina-tze eta garbiketa lanak egiteko erabiltzen ari den hondeatzailea datozen egunetan bertan ikusi ahal izango da, lanek zazpi eguneko iraupena izango baitute. Gune horretan dagoen errekatxoa errepidearen azpitik pasa-tzen da, ondoren aireportuaren pistaren azpitik eta, azkenik, urek Bidasoa ibaiaren ahora isuritzen dira. Silanesek argitu zuenez, errekatxoa Arkoll auzotik isuritzen diren euri-uren drainatze bide naturala da.

Beraz, errekan eta alboetan zegoen lohia mugitu eta kentzeko hondea-tzailea erabiltzen ari dira. "Ondorioz, menditik zetozen eta Puntalean edota aireportuaren inguruan itsasoratzen diren uren igarotzea hobetu egingo da", jarraitu zuen zinegotziak. Gainera, inguruko baratzen albotik igarotzen den drainatze kanala garbitu eta hobetu egingo da.

Lan hauek eremuaren antolaketa egiteko oso lagungarriak direla adierazi zuen Silanesek: "Horrela baratzak urez ez betetzea lortzen dugu, hala gertatzen baitzen orain artean euriteak zeudenean". Aurten Gabarrari kaletik Kosta kalera doan zentzuan egiten ari da garbiketa, aurreko urtean Erribera-Kostako eremua hobetu baitzen.

Amaitzeko, zinegotziak inguruko bizilagunek izan duten jarrera positiboa eskertu zuen: "Udalak egindako lana da, baina bizilagun eta jabeen oniritzia izan du, beraiek baitute bere sailak mantentzeko ardura". Ildo horretan, auzolanaren bidez garbiketa lanei jarraitasuna ematera gonbidatu zien Silanesek lur sailetako erabiltzaile eta jabeei: "Udalak lan orokorra egiten du baina gero bakoitzak berea egin behar du eta egokiena pajina —auzolana— bidez egitea da, garai batean egiten zen moduan".