- Enrike Lekuona bekaren deialdia Hondarribiko Udalbatzak 2019ko urriaren 31aren Osoko Bilkuran aho batez onartu zuen EH Bilduren mozioaren emaitza da, eta Txomin Sagarzazu alkateak eta Xabier Isasi EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak atzo azaldu zutenez, hemendik aurrera bi urtean behin egingo da. Arma Plaza Itsasoa, ondarea eta euskara ikergai izango ditu lehenengo deialdi honek.

Itsas ingeniaria izanik, "Lekuona arrantzaleekin harreman estua izan zuen eta bere grina arrantza sektorea berpiztea eta biziberritzea zen", Isasiren hitzetan. Horrez gain, Lekuona Aranzadiko kidea zen eta, besteak beste, Amaiur eta Beloagako gazteluen indusketetan parte hartu zuen, ondarea bere beste pasio handi bat zelako. Amaitzeko, Isasik Lekuona "kultur handiko gizona eta euskaltzalea" zela gogorarazi zuen.

Beraz, bekak Lekuonaren bizitzaren hiru ardatz nagusi horiek batu nahi ditu, eta deialdi bakoitzak horietako bat izango du ikergai; hau da, itsasoa, ondarea edo euskara. Hasteko, 2020-2021 ekitaldian burutuko den lana itsasoari buruz izan beharko da, modu zabalean. Adibide bat aipatzearren, Isasik ontzigin-tza gai aproposa izan litekeela adierazi zuen, baina gaiaren hautaketan originaltasuna baloratuko dela nabarmendu zuen.

Beka lortzeko aukera izateko, aurkeztutako proiektuek, azterlanek eta memoriek euskaraz egon beharko dira. Lanak aurkezteko epea ofizialki datorren astelehenean, hilak 19, irekiko da eta azaroaren 20an itxiko da. Bekaren iraunaldia, gehienez, 18 hilabetekoa izango da, beka eslei-tzen den egunetik hasita, eta eskaintzen duen diru kopurua, 10.000 eurokoa. Bekadun izateko azken baldintza ikerketa lana originala eta argitaratu gabea izatea da.

Isasik bekaren asmoa Lekuonak "bere bizitzan egin zuen lanari jarraipena ematea" dela azpimarratu zuen. "Ekonomikoki ondo eutsita dagoen beka da, alorreko profesionalei zuzenduta eta epeek ikerketa serioak egiteko aukera ematen dute", gehitu zuen EH Bilduko zinegotziak. Amaitzeko, Isasik pozik agertu zen nahiz eta pandemia egoeran izan beka aurrera atera delako, eta eskerrak eman zizkien "lehenik eta behin, Enrike Lekuonaren familiari, Arma Plaza Fundazioari eta alkateari ere".

Bere aldetik, Sagarzazuk eskerrak eman zizkien Isasi zinegotziari eta EH Bilduko udal taldeari. "Ideia beraiena izan zen, eta horregatik aurkezten dugu batera", argitu zuen alkateak. Bekari dagokionez, Sagarzazuk deialdiaren oinarriak armaplaza.eus webgunean aurkitu daitekela gehitu zuen.