Gizarte larrialdietarako laguntzen eskaerak ia bikoiztu dira aurten Hondarribian

Udalak 215.292 euro bideratu ditu gizarte prestazioetarako

11.10.2020 | 00:46
Larrarte zinegotzia, aste honetan, aurtengo Gizarte Zerbitzuetako arloaren lana azaltzen. Foto: N.G.

hondarribia – Gotzone Larrarte zinegotziak, Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak pandemian zehar egin duen eta egiten ari den lanaren balorazioa egin du aste honetan. Larrartek jakinarazi zuenez, Gizarte Zerbitzuek 193 Gizarte Larrialdiko Laguntzak eta beste 29 famili laguntzak tramitatu ditu azken bederatzi hilabeteetan.

Pandemiaren harira, Gobernu Taldeak beharra zuten hondarribiar guztiei lagundu ahal izateko gizarte laguntzei dagokien aurrekontua bikoizteko erabakia hartu zuela gogorarazi zuen zinegotziak. Aldaketa horri esker, irailera bitarte Udalak Gizarte Zerbitzuen bidez prestazioetarako bideratu duen kopurua 215.292 eurokoa izan da, eta urte bukaera arte 265.855 euroko ordainketak onartuak ditu.

Gizarte Larrialdiko Laguntzen kontzeptuei dagokionez, lehen mailako premietarako gastuei aurre egiteko 76 eman dira; beste 68 alokairu gastuak ordaintzeko; energia gastuei aurre egiteko, 66; mantenu gastuetarako, 65; hipoteken gastuetarako, 15; eta beste gutxi batzuk etxebizitzako tresneriak ordaintzeko.

Larrartek nabarmendu zuenez, aurten gizarte larrialdietarako laguntzen eskaerak ia bikoiztu egin dira, 103tik 193ra. "Hilabete gogorrena apirila izan zen, 64 laguntzekin", argitu zuen zinegotziak. Ondoren, maiatzean 21 bideratu ziren eta hurrengo hilabeteetan laguntza kopuruak apurka jaisten joan ziren, irailean bi bakarrik tramitatu zirelarik. "Baliteke joera hau udazkenean aldatzea, eta zentzu horretan argi utziko nuke Udaletik prest gaudela beharra duten herritarrei lagun-tzeko", gehitu zuen Larrartek. Aipatutako gastuez gain, beharra duuen herritarrari begira interneterako konexioak ziurtatzeko inbertsioak ere egin ditu Udalak.

Azken finean, Hondarribiko Gizarte Zerbitzuek pandemiari aurre egiteko "ahalegin guztiak" egin dituela adierazi zuen Larrartek. Ildo horretan, zinegotziak sailean lan egiten duten profesionalei eskerrak eman nahi izan zizkien publikoki, "lan bikaina egiten ari baitira".

Amaitzeko, Larrartek Gizarte Zerbitzuak hondarribiarren zerbitzura daudela eta nahi duenak departamentuarekin harremanetan jar-tzeko 943 111 291 telefono zenbakira deitu dezakeela gogorarazi zuen. "Bertan, hiritarrek informazioa jaso eta aholkularitza eskatu dezakete eta arreta pertsonalizatua eta integrala ematen zaie", bukatu zuen zinegotziak.