- 2021. urterako hondakinen eta uraren tasa eta tarifa guztiak izoztea adostu zuen atzo Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitatearen batzarrak. Salbuespen bakarrak hondakin geldoen eta plastikoen sortzaile handien tasak izango dira; hain zuzen ere, Mankomunitatetik azaldu zutentez, kudeatzaile berrien hondakin-frakzio horien tratamenduaren kostuak nabarmen igo dira azken urtean eta, ondorioz, tasa horiek areagotu egingo dira.

Zehazki, datorren urterako tasak 134,12 eurokoak izango dira (urte osoan zehar) materia organikoa bereizten duten familientzat eta, aldiz, 197,38 eurokoak edukiontzi marroia erabiltzen ez dutenentzat. Txingudiko Zerbitzuaketik ziotenez, gero eta familia gehiagok hartzen dute parte edukiontzi marroiaren gaikako bilketan; aurten 19.250 familia daude izena emanda.

Bestalde, 2020 honetan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzat laguntza berriak sortu ditu Mankomunitateak, osasun krisiak eragin dituen kalte ekonomikoak arintzeko. Familia horiek tasak ordaintzerako orduan %50eko murrizketa lortu ahal izango dute, baina horretarako edukiontzi marroiaren edo autokonpostaje sistemaren kanpainan alta emanda egotea beharrezkoa izango da.

Mankomunitatearen finantzaketari dagokionez, erakundeak beharrezko inbertsioak finantzatzeko 2.430.622 euro izango ditu datorren urtean. Zifra horrek inbertsioetarako aurrekontuaren %20ko murrizketa suposatzen du aurtengoa kontuan harturik. Diru horrekin 2017 urtean onartutako Inbertsio Planaren jarduerekin jarraitu ahal izango da.