- OKencasa ekimenaren lehengo fase batean, 2019ko apiriletik 2020ko otsailera burutu zena, Donostiako 210 familiekin egindako azterlan kliniko baten bidez Euskal Herriko Unibertsitatearen berrespen zientifikoa jaso zuen programak. Horrez gain, London School of Economics-eko ikerlari talde batek programaren metodologiak sistema publikoaren zenbait arlotan aurreztea dakarrela ziurtatu du.

Baliozkotze zientifiko hori mahaigaineratuz, orain ekimenaren sustatzaileek fase berri bat bideratu nahi dute, programak eskaintzen duen laguntza lurraldeko mendekotasuna duten adinekoen 1.000 zaintzaileetara iristeko xedearekin; hain zuzen ere, Irunen atzo iragarritako fasea hori da. Zaintzen dutenak zaintzen lelopean, programaren bigarren fasea martxan jarri dela iragarri zuten atzo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak, Cristina Labordak, eta ekimenaren sustatzaile eta arduradunak, Iñigo Kortabitartek. Programaren helburua etxean mendekotasuna duten adineko senideak zaintzen dituzten pertsonen egunerokotasuna erraztea da.

Ekimenaren bigarren zati honek Irunera, Pasaiara, Errenteriara eta Ataunera hedatuko da eta programak eskaintzen dituen abantailak doan eskuratu ahal izango dituzte interesa duten zaintzaileek. Hala ere, plaza mugatuak daudenez, proiektuan parte hartzeko zenbait betekizun eskatuko dituzte antolatzaileek, eta eskaria egiten duten familien artean hautaketa bat egingo da. Betekizun nagusi gisa, zaindu beharreko mendeko pertsonak mendekotasun-maila bat aitortua izatea beharrezkoa izango da. Irizpideak betetzen dituzten eta interesa duten zain-tzaileek 943 003 723 telefonora jo dezakete programaren ezaugarrien eta parte-hartzeko beharrezkoak diren pausuen berri izateko.

Behin ekimenaren barne, lagun-tza-sistemaren funtzesko tresna mugikorretarako eskuragarri dagoen Zaindoo aplikazioa da. Programa informatiko horri esker, OKencasako espezialisten eta zain-tzaileen arteko komunikazio kanal zuzena ezarri daiteke. Gainera, Zaindoo aplikazioak era askotako baliabideak eskaintzen dizkie erabiltzaileei; esaterako, zainketaren antolakuntza eta familiaren koordinazioa eta erantzukidetasuna errazteko tresnak, senideak eta norberak bere burua hobeto zaintzen ikasteko formakuntza digitalak, edota zerbitzu erabilgarriak (fisioterapia edo aholkularitza legala, adibidez) eskuratzeko abantailak.

Labordak nabarmendu zuenez, adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei laguntzea ezinbestekoa da une hauetan. Horregatik, zinegotziarentzat proiektu hau "ezin hobeto egokitzen da" Gizarte Ongizate arlotik pandemiaren harira egiten ari den lanera.

Bestalde, Kotabitartek azaldu zuenez, programak "funtsezko" lagun-tza izan nahi du "Gipuzkoan mendekotasun bat aitortuta duten 25.000tik gora adineko pertsona zaintzen dituzten pertsonentzako". Horien 80 etxean zaintzen dituztela, eta zainketaren lidergoa nagusiki familiek beren gain hartzen dutela gehitu zuen sustatzaileak.

Era berean, familia zaintzaileek egiten duten "lan handia" ikusaraztera eta aitortzera deitu zuen Kortabitartek, baita zaintzeko egoerak hartzen dituen denboraldi luzeetan zaintzaileei laguntza egokia ematera ere. Bukatzeko, ekimenaren antolatzaileak eskerrak eman zizkion Irungo Udalari programaren bigarren fase honetan parte hartu nahi izateagatik eta ekimenarentzat horrek suposatzen duen bultzadarengatik.