- Datorren ostegunean Pasai Donibaneko basoa auzolanean berrituko dute Pasaiako Udal, guraso eta haurren artean. Ekintza hau, ikasturte honetan Donibanen gara-tzen aritu diren jolasgunearen parte-hartze prozesuan kokatzen da eta hilabete honetan azken faseari ekin nahi diote.

Goizean 10.00etan jarri dute hi-tzordua eta arratsaldean 15.00etan, jolaslekuan bertan, eta familia, herritar eta, batez ere, herriko haurrei aukera eman nahi diete ekintza honetan parte har dezaten. Arropa erosoa ekartzea komenigarria izango da, eta haurrek gurasorik gabe ere etortzeko aukera izango dute. Musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da.

Aldez aurretik zenbat jende elkartuko den jakiteko, eta oharrak helarazteko izen-ematea ireki dute. Parte hartu nahi dutenek, honako lotura honetan eman behar dute izena: https://www.pasaia.eus/eu/baimena.

Haurren irudimenari bide ematen dion jolas eredu berria sustatzeko helburuarekin, eraiki den parkeak orain artean zeudenetatik oso bestelakoa izan nahi du. Elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, eta haurrek lur eremu horretan baso bat sortu nahi izan dute.

Donibaneko parkea eraberritzeko parte-hartze prozesua 2019ko azaroan abiatu zuen Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak bultzatuta. Haurrek parte-hartze organoan proposatu zuten Donibaneko jolas eremua berritzea, eta haien interesetik abiatuta, prozesuan aukera izan zuten JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko tarteko eremuan zer nolako parkea nahi duten erabakitzeko.

Azaroan abiatu zen parte-hartze prozesua eta, guztira, sei hilabeteko iraupena izan du. Apirilerako amai-tzea zen asmoa, eta udararako parkea erabilgarri egotea. Baina prozesua eten egin behar izan zuten osasun alarmarengatik eta udan eman nahi diote prozesuari amaiera.

Haur eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesua hiru fase ezberdinetan garatu da: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua. Lehendabizi, haurrekin nola jolasten duten hausnartzeaz gain, eremuaren azterketa bat egin zen. Ondoren, jolas eremurako zein jolas mota, jolas elementu eta behar zituzten aztertu zen. Azkenik, haurrek jolas eremua diseinatu zuten teknikarien laguntzarekin.