- Hiriko Gazteria zinegotzia den Maria Serranok aitortu duenez, Hondarribiko Udalak esfortzu handia egin du antolatzen dituen prebentzio ekintza guztiak aurrera eramateko COVID-19aren erginez; hala adierazi azken hilabeteetan Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak lanketa horretan sakondu duela azpimarratuz.

Ildo horretan, Serranok Udalak abian jarri duen azken kanpaina aurkeztu zuen atzo, Ondo Pasa izenekoa. Programa honek, zinegotziak argitu zuenez, “urte osoan zehar, eta hainbat arlotan, adibidez ikastetxeetan edo gune irekietan, egiten diren ekintzen jarraipena da, udako testuingurura egokituta”. Bere helburua aisialdiko testuinguruetan arriskuak murriztea eta osasuna sustatzea da, prebentzio unibertsaleko estrategiak erabiliz.

Udal Zerbitzuak udan aurrera eramaten ohi ditu honelako prebentzio kanpainak, baina aurtengoa berritasunekin dator. Normalean Udalak kamisetak banatzen ditu gazteen artean, programaren leloa hirian zehar zabaltzeko; aurten, ordea, 300 botila berrerabilgarriak prestatu ditu, Ondo Pasako logo berriarekin. “Hamasei urte pasa dira lehenengo kamisetak banatzen hasi ginenetik; hausnarketa sakona egin ondoren, Ondo Pasako mezua eta zentzua bultzatzeko eta indar-tzeko garaia zela pentsatu dugu”, azaldu zuen Serranok.

Beraz, botila berrerabilgarri berriak lortu nahi dituzten 12 eta 25 urte bitarteko nerabe eta gazte hondarribiarrak Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzutik (Harresilanda kalea, 3) pasa beharko dira hauen bila. Botilak uztailaren 13tik abuztuaren 7ra egongo dira eskuragai, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 13.30era.