hondarribia - Cimasub 2020 itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa Hondarribitik pasako da aste honetan. Datozen ostegun eta ostiralean, hilak 12 eta 13, Udalak eta film jaialdiaren antolatzaileek 20 proiekzio antolatu dituzte elkarlanean. Ekimena Itsas Etxea Auditoriumean burutuko da.

Zikloaren aurkezpena atzo ospatu zen Itsas Etxean, Juan Luis Silanes, hiriko Kultura eta Ingurumen zinegotziaren eta David Sanchez, zikloaren arduradunaren eskutik. Hala, film jaialdia Udalaren eskain-tza kulturala “aberastera” datorrela azaldu zuen Silanesek. Zinego-tziaren hitzetan, “itsaspeko zinea gero eta indar gehiago hartzen ari da”, eta horregatik, Real Sociedad Fundazioarekin batera, Udalak zikloa hondarribiarrentzat eta bisitarientzat dohainik izatea lortu du.

Ekimena ordu eta erdiko bi saiotan gauzatuko da, ostegun eta ostiralean ordutegi berdinean: 19.30etik 21.00etara. Denetara, 18 film labur eta bi dokumental ikusi ahal izango dira.

Sanchezek egitarauari buruzko xehetasun gehiago eman zituen. Itsaspeko zikloaren arduradunak adierazi zuenez, “itsasoak zer nolako egoeretan dauden ikusteko parada bikaina da” jaialdia. Itsasoen kutsadurena “aspaldidanik datorren arazo bat da eta gaur egun oso handia bilakatu dena”, jarraitu zuen Sanchezek, zikloa arazo hori “ikustaraztea” helburu duela gehituz.

Itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa 1975an jaio zen Donostian, eta ordutik inguruko hainbat herritaik pasa da; adibidez, Lezotik, Zumaiatik, Lasartetik eta Irundik. “Orain Hondarribira gatoz, eta eskerrak eman nahi dizkiot Udalari emandako laguntza guztiagatik”, amaitu zuen Sanchezek.

Zikloko 20 proiekzioez gain, herriko ikastetxeetako ikasleentzat beste atal bat izango du jaialdiak. Txikientzako ziklo horretan, itsasoen arazoen berri emango zaie gazteei, baita soluzioa zein izan daiteken ere.