hondarribia - Otsaileko Ezagutu Zure Hiria ekimeneko saioak hilaren 28an eta 29an izango dira. Bertan, Aritz Díez Oronoz arkitekto hondarribiarraren eskutik Jaizkibel mendiko IV. eta V. dorreen zaharberritze proiektuaren berri izango dute parte-hartzaileek.

Díez Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasitako Arkitektoa da eta Ondarearen Zaharberrikuntzako master bat dauka. Gaur egun Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan proiektuetako irakaslea da. Imanol Iparraguirrerekin batera, Oronoz & Iparraguirre arkitektura-bulegoa osatzen du. Elkarlanean, besteak beste, Richard H. Driehaus Arkitektura Lehiaketan lehengo saria jaso dute bitan, 2017 eta 2018 urteetan.

Hilaren 28ko hitzaldian dorreen eraikitze kontestuaren xehetasunak, gaur egun duten kontserbazio egoera eta egindako proiektuaren esku-hartze irizpideak azalduko dira zaharberrikuntza proiektuan hartutako erabakiak ulertarazteko.

Bestalde, 29an (larunbata) goizeko 11.00etan, bisita gidatua egingo da dorreak ikusteko, eta autobusa San Juan de Dioseko biribilgunetik irtengo da. Ezinbestekoa izango da erreserba egitea. Erreserbak armaplaza@armaplaza.eus helbidera idazten edo 943 643 677 telefonora deitzen egin daitezke.