Hondarribia - A Tempo ekimenaren hirugarren edizioa atzo jarri zen martxan, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolek antolatuta. Larunbatera arte egitarauak hainbat tailer aurreikusten ditu Kultur Etxean Musika Eskolako ikasleentzat, baina ekitaldi nagusiak gaur eta bihar ospatudo diren kontzertu irekiak izango dira.

Eskolako zuzendari pedagogikoak, Esther Barandiaranek, atzo azaldu zuenez, denetara hamabi ekimen izango ditu aurtengo programak. Horietako hiru, ikasleentzako hiru tailer, atzo burutu ziren. Gaur, berriz, beste bi tailerrez gozatu ahal izango dute musika ikasleek, baina ekitaldi potoloa 18.30ean ospatuko da Kultur Etxeko areto nagusian, eskolako irakasleek eskainiko duten kontzertuarekin.

"Aurtengoan filosofia aldatu egin dugu; ikasleek bere lana hiritarrei eskaini zieten pasa den urtean eta oraingoan musika jasotzea toka-tzen zaie", zioen Xabier Fernandezek, eskolako Ikasketa-burua. Hala ere, bere trebetasun musikala erakusteko txanda bihar iritsiko zaie ikasleei, 18.30ean eskainiko duten emanaldian. Horrez gain, Musika Eskolako gaztetxoek beste tailer bat izango dute bihar, dan-tzan aritzeko. Azkenik, larunbat goizean Aquafonia tailerra eskainiko da Kultur Etxean, 11.00etan.

Egitarau osoa hondarribia.eus wengunean dago eskuragai. Irakasle eta ikasleen kontzertuak irekiak badira ere, Kultur Etxeko idazkartizan sarrerak eskatzea derrigorrezkoa izango da. Aurtengo ekimenaren kartelaren egilea Judas Arrieta margolari hondarribiarra izan da.

Juan Luis Silanesek, Hondarribiko Kultura zinegotziak, eskerrak eman zizkien Musika Eskolako ordezkariei beraien lanagatik. - J.G.