irun - Irungo EAJko udal taldeko bozeramaileak, Xabier Iridoyek , atzo adierazi zuenez, azken hamarkadan euskarak udalerri askotan izan duen aurrerakada, neurri handi batean, gizartearen atxikimenduari zor zaio. Euskararen erabilera sustatzera bideratutako ekimenak eskaintzea garrantzitsua dela zioen Iridoyk: “Honek ere udalaren erronka nagusi izan beharko luke”.

Hala ba, EAJk adin tarte guztien-tzako euskarazko kultur jarduera desberdinak sortzeko, hizkuntza-paisaia (kartelak, errotulazioak?) sustatzeko eta hizkuntza berdintasuna hiritarren artean zein udaletxean bertan lantzeko beharra ikusten du Irunen, Iridoyk adierazi zuenez. Horren harira, eta Irunen euskararen aldeko aurrera pausoak emateko helburuarekin, jeltzaleek aurrekontu proiektua euskarari dagokionean hornitzeko, hainbat proposamen aurkeztu zituzten.

Alde batetik Haurrak Parkean ekimena aurrera eramateko emendakin bat aurkeztu zuen EAJk, “haurrak eskolatik atera eta parkean dauden bitartean, jolasen bitartez, beraien arteko kooperazio eta elkarrekintza euskaraz sustatzeko helburua duen proiektua” burutzeko, Josume Gomez zinegotzi jeltzaleak gogorarazi zuenez.

Bestalde, aurtengo udazkenean leku izango duen Euskaraldia egitasmoaren garrantzia aurreikusita, jeltzaleek diru kopuru handiago bat ekitaldiaren antolakuntza taldeari ematea helburu zuen emendakina eraman zuen aurrekontu udalbatzara.

“Tamalez, guk aurkeztutako eta hiriarentzat onuragarriak izan daitezkeen jarduera hauen aurka bozkatu zuten PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP udal taldeek”, salatu zuen Iridoyk.

Azkenik, jeltzaleek Udalak datozen egunetan euskaran aurrera pausoak emateko borondate erreala duela erakusteko aukera duela azpimarratu zuten. “Pasa den azaroan izan zen Euskararen Aholku Batzordean, Euskaraldiaren egitasmoetan sakon-tzeko deialdi bat helaraziko zigutela esan zitzaigun, oraindik esperoan gaude, baina hemendik gutxira deituko dutelako esperantza dugu”, amaitu zuen bozeramaileak. - J.G.