Hondarribia - Aste honetan Juan Mari Altuna Ogasun eta Hiri Segurtasuneko zinegotziak aditzera eman duenez, Hondarribiko Udalak Hiri Segurtasunerako 2.979.900 euroko aurrekontua dauka 2020 urterako, eta 3.613.342 euro Zerbitzu Orokorretarako. Altunak emandako prentsaurrekoarekin, 2020ko udal aurrekontuen departamenturako aurkezpena amaitutzat ematen du Udalak.

Hiri Segurtasunari dagokionez, aurrekontuaren %80a Udaltzaingoaren lehen kapitulura doa. Beste %20 gastu orokorretara bideratzen da, seinaletika, gailu berriak, mantenmienduak, jan-tziak edota egunero sor daitezken arazoei aurre egiteko. “Kontutan izan behar da une hauetan 29 udaltzain ditugula Hondarribian, eta urteko 365etan egun lan egiten dela, 24 orduko zerbitzua eskainiz”, zioen Altunak.

Hiri Segurtasunetik, helburu nagusienak Hondarribia hiri seguroa izaten jarraitzea da, ahal den neurrian behintzat. Hortaz gain, trafikoaren antolakuntza eta aparkamenduaren kudeaketa hobetzen jarraitzea da gobernu taldearen asmo nagusienetakoa.

Udaleko zerbitzu orokorretarako aldiz, aurrekontua 3,6 milioi eurokoa da. “Normalki Udalak 100 langile inguru izaten ditu, une hauetan 127 dira, baina horietako 19 epe baterako fomentoko langileak dira. Ez da ahaztu behar ere uda garaietan udaltzain eta otazain asko kontratatzen direla”, azaldu zuen zinegotziak.

Udalean kontratazio berriak egiteko arazoei buruz, Altunak “beste udaletan, Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan” gertatzen ari dena Hondarribian ere somatzen dela azaldu zuen: “Garai batean sartutako langilegoa erretiratzen ari da eta postu horiek betetzeko arazoak daude”. Hala ere, Udalak egoera horri “buelta emateko” lanean ari dela baieztatu zuen zinegotziak.

Zerbitzu Orokorretatik, helburuak desberdinak dira: adibidez, Udaleko gardentasuna hobetzea gardentasun planean aurrera eginez, herritarren parte-hartzea sustatu, Udalaren barne antolamentua hobe-tzea, hiritarrari zerbitzu egokiagoak eskaintzea, adibidez BAZ eta Hirigintza departamentuak egokituz, eta e-administrazioa martxan jar-tzeko lanetan aritzea.