Hondarribia - Montai taldeko auzia dela eta deklaratzeko, Abotsanitz Udal Taldeko egungo eta aurreko agintaldiko zinegotziak Hondarribiko Bake Epaitegira hurbildu ziren atzo. Montai empresa taldeko arduraduna den Aitor Elorzak Abotsanitzen kontrako bide judiziala abiatu du talde hondarribiarreko kideek abenduaren 11ean deitutako prentsaurrekoan esandakoengatik.

Agerraldi hartan Hondarribiko udal gobernuaren kontratazio irregularrak salatu zituen Abotsanitzek, baita horien onuradun nagusia den Montai taldeko arduradunak Hondarribiko Udalari "mehatxu" egin ziola, Udalak "Gabonetako lan batzuk beste enpresa bati eskatu zizkiolako".

Atzoko adiskidetze ekitaldia deituta zuen enpresariak, kereila jarri aurretik ezinbesteko urratsa baita adiskidetze ekitaldia eskatzea. Elorzaren ustez, abenduaren 11n esandakoak bere pertsonaren kontrako irain eta kalumniak dira, eta atzoko ekitaldian atzera egitea eskatzen zi-tzaion Abotsanitzi.

Baina Igor Enparan bozeramaileak komunikabideen aurrean egindako salaketa berretsi egin zuen atzo epaitegian: "Gure lan politikoaren arlo bat udal kudeaketaren kontrola egitea da. Horretan ari gara, eta jarraituko dugu, arduraz".

Enparanek Elorzaren ekinbidearekin harrituta daudela onartu zuen: "Kontrol lan horretan irregulartasunak antzeman ditugu zerbi-tzuen kontratazioan. Irregulartasun horiek publiko egin ditugu, eta Montai enpresa taldeko arduradunak berak irregulartasun horiek badirela onartu du komunikabideei bidalitako ohar bidez".

Ildo horretan, bozeramaileak azaldu zuenez, Abotsanitzek ez du onartuko "irregulartasunekin zerikusia duen inongo enpresak mehatxu egitea Hondarribiko Udalari".

Abotsanitzek beste urrats berri bat emango duela prozedura honetan gehitu zuen Enparanek: "Prozedura irregular hauen ondorioz herriaren-tzat gainkostua egon ote den azter-tzen ari gara. Badakigu lanak nahierara eman direla, jakin nahi duguna da ea lan horiek beharko luketeena baino kostu handiagoa izan duten herriarentzat".

Bukatzeko, alkateari babes juridikoa eskatuko diotela gaineratu zuen Enparanek: "Hurrengo urratsa Hondarribiko Udalari babes juridikoa eskatzea izango da. Herriaren defentsan egindako lanagatik ireki dute bide judiziala gure kontra". - J.G.