Síguenos en redes sociales:

Xare Alvarez eskultoreak egindako obra jasoko du Miguel Castellsek Monzon Ganuza sari banaketan

Artista donostiarrak uhin formako eskultura organiko bat diseinatu du

Xare Alvarez eskultoreak egindako obra jasoko du Miguel Castellsek Monzon Ganuza sari banaketanB.U.

Martxoaren 10ean, Bergarako Seminarixoan jasoko du Monzon Ganuza saria Miguel Castells abokatuak, eta aurtengo edizioan Xare Alvarez Berakoetxeak (Donostia, 1990) egindako "uhin formako eskultura organiko" bat izango da oroigarria. 

Monzon Ganuza saria "sinbolikoa" izaten da Olaso Dorrea Fundaziotik adierazi dutenez. Urtero artista berri bati eskaini ohi zaio saria diseinatzeko aukera, eta aurtengoan Xare Alvarez izan da hautatua. Eskultore donostiarraren ibilbide sendoa, hizkuntza plastiko propioa eta formaren eta materialaren inguruko ikerketa etengabea izan dira epaimahaiaren erabakiaren arrazoi nagusiak.

Garaikurraren xehetasunak

Aurtengo sarirako proposatutako pieza uhin formako eskultura organiko bat da, "ehunduraren eta mugimenduaren arteko elkarreraginaren emaitza adirazten duena", zehaztu dute Bergarako Udaletik. Azaldu dute, lanak "hormatik irteten den elementu bizidun baten" itxura duela: bi tolestura nagusitan antolatutako forma dinamikoa, mugimenduan gelditutako ehun baten antza eta barrurantz doan hutsune bat, ikuslearen begirada erakartzen duena.

Artistaren ibilbidea

Xare Alvarez Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean nahiz École Nationale Supérieure des Beaux Arts-en (Paris). Bere lana nazioarteko eta estatuko instituzio esanguratsuetan erakutsi du, hala nola, Pauko Bel Ordinairen, Frantziako CAC La Synagogue de Delmen, Donostiako San Telmo Museoan, Madrilgo Tabacaleran, Bilboko Guggenheim Museoan edota Azkuna Zentroan.

Sariak eta aintzatespenak ere jaso ditu: Ourenseko Diputazioaren Arte Plastikoen Lehen Saria, INJUVEren laguntza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sorkuntza Astistikoaren Egile Sariak eta Eusko Jaurlaritzaren arte plastikoetako hainbat dirulaguntza.