Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa, Urmendi haurreskola gisa ezagunagoa dena, otsaileko osoko bilkurako gai nagusietako bat izango da. Bilkuran aztertuko dira Eusko Jaurlaritzak udal haur-eskolak bere Haurreskolak Partzuergoan integratzeko egindako eskaintza eta Oiartzungo Udalak horren aurrean egindako kontraproposamena: Haurreskolak Partzuergoa bera izatea Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartuko litzatekeena.
Urmendi 0-3 proiektua arriskuan dagoela salatu dute hainbat eragilek, eta kezka handia sortu da herrian. Egoeraren aurrean, herritarrak, gurasoak eta langileak antolatzen hasi dira, “herri proiektua den heinean, babesteko”. Horren ondorioz sortu dute Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! izeneko plataforma, asteazkenean aurkeztuko dutena, 17:00etan, Doneztebe plazan.
Aurkezpenaren ostean, 18.00etan egingo da udaleko osoko bilkura, eta aurreratu dutenez, Urmendiko komunitatea osatzen duten hainbat herritarrek hitza hartuko dute bertan.
30 urteko ibilbidea duen proiektua
Duela 30 urte sortu zen Urmendi partzuergo gisa, eta ordutik 0-3 urte arteko haurrei zuzendutako eskaintza pedagogiko sendoa garatu du. Milaka haur eta familia igaro dira bertatik, eta Idalaren arabera, “proiektu aitzindaria, erreferentea eta errotua” da Oiartzunen.
Testuinguru horretan kokatzen da Hezkuntza Sailak 2024ko azaroan hartutako erabakia: udal haur-eskolen finantzaketarako ordura arteko ekarpena bertan behera uztea 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eta eskolok Haurreskolak Partzuergoan sartzeko gonbidapena luzatzea. Erabaki horren ondoren, urtebeteko moratoria eskatu eta onartu zen, udal bakoitzak bere gogoeta egiteko aukera izan zezan.
Lankidetza-proposamena mahai gainean
Oiartzungo Udala Urmendiren etorkizuna lantzen ari da herriko hezkuntza eragile eta familiekin batera, eta lankidetzarako proposamen zehatza prestatu du Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoarentzat. Proposamen hori otsailaren 25eko osoko bilkuran aztertuko da, eta testuinguru horretan kokatzen da legebiltzarkideek egingo duten bisita ere.
Udalaren arabera, “erakundeen arteko harreman-bide iraunkorrak sortzea ezinbestekoa izango da hezkuntza-erronkei elkarrekin erantzuteko”, eta azpimarratu du tokiko erakundeak direla “herritarrengandik gertuen dauden instituzioak” eta, ondorioz, “maila lokaleko erronkak ondoen diagnostikatzeko gaitasuna dutenak”. Helburua, Udalaren esanetan, Oiartzunentzat herri gisa aukerarik onenak lehenestea da.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzari erakusteko eta azaltzeko legebiltzarkideak Urmendi udal haur-eskola ezagutzera etorriko dira datozen egunetan.
Osoko Bilkuran beste gai garrantzitsu batzuk ere izango ditu aztergai. Esaterako, Udaleko bi alderdiek 2025eko azaroan adostu bezala, aurrerantzean Udalak bere gain hartuko du poligonoetako hondakinen bilketa, orain artean baino eraginkorragoa izan dadin birziklatze-mailari dagokionez; eta errentagarriagoa ekonomikoki. Horren guztiaren kudeaketa eta bideragarritasun teknikoa izango da hilaren 25eko udalbatzarreko beste aztergaietako bat.
Amaitzeko, Udala mamitzen ari den etxebizitza plan integralaren parte, Oiartzun tentsio handiko eremu izateko eskaera bozkatuko da udalbatzarrean.