Síguenos en redes sociales:

Urola futbol taldeko neskak, Euskal Ligara bidean

Larunbatean bi puntutara duten Elgoibar liderraren aurka jokatuko dute: 15.30ean, Argixaon

Urola futbol taldeko neskak, Euskal Ligara bideanGorka Gómez

Urolako senior mailako nesken taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Ohorezko Erregional Mailan jokatzen du eta lehenengoz Euskal Ligara igotzeko borrokatzen ari da. Hirugarren postuan dago, Elgoibar liderrarengandik bi puntura eta Bergara bigarren sailkatuarengandik puntu bakarrera. Lehenengoa zuzenean igoko da Euskal Ligara eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, txartel baten bila.

Emakumezkoen taldea lidergoan zegoen Elgoibarrekin berdinduta, baina hirugarren postura jaitsi da, asteburuan Oiartzun B taldearen aurka etxetik kanpo berdindu ondoren. Dena den, ezin da esan emaitza txarra izan zenik. Izan ere, Oiartzun B ere sailkapenaren goialdean dago eta Urolaren aurka jokatu aurreko hiru partidak irabazi egin zituen. Asteburukoa bigarren itzuliko bigarren partida izan zen.

Uroalk oso partida garrantzitsua jokatuko dute asteburu honetan. Izan ere, Elgoibar liderraren aurka jokatuko dute. Irabazten badute, elgoibartarren aurretik jarriko dira, denboraldia amaitzeko hamabi jardunaldiren faltan. Liderraren aurkako partida larunbatean jokatuko dute, 15.30ean, Argixaon. Urolak bertara joateko deia egin die herritarrei.

Lehen hamazazpi partidak jokatuta, Urolakoak sailkapeneko hirugarren postuan dira, hamaika garaipen eta bi berdinketekin, 35 puntu batuta. 

Emaitza on hauek azken urteetan egindako lanaren fruitua dira. “Azken denboraldietan taldeak aurrerapauso bat emana zuen sailkapenari dagokionez, baina irregulartasunaren arazoa genuen. Aurtengo helburuetako bat sendotasun hori lortzea eta talde lehiakorragoa izatea zen”, azaldu du Aitor Irizar entrenatzaileak.

Denboraldi hasiera ez zen batere ona izan, ordea. “Lehen zazpi jardunaldien ondoren, aurreko denboraldietan baino hobeto lehiatu arren, lau porrot eta hiru garaipen batu genituen eta lehen sailkatuengandik urrun ginen. Baina lan ildoa argi geneukan eta emaitzak iritsiko zirelakoan ginen”, gaineratu du Irizarrek.

Ideiak argi izateak eta markatutako bideari jarraitzeak saria ekarri zuen azkenean. “Emaitzak aurkari indartsuenen aurka iristen hasi ziren eta lehen itzuliko azken zortzi partidetatik zazpi irabaztea lortu genuen. Sailkapeneko goialdean gaude, baina oinak lurrean eta begirada hurrengo partidan jarrita. Lehiatzen jarraitzeko asmoz gaude eta nabarmendu nahiko nuke kategoriaren maila urtero esponentzialki igotzen ari dela”, gaineratu du.

Eta hemendik aurrera zer? Hankak lurretik altxatu gabe, mugarik ez diote jartzen Urolako neskek euren buruari. “Bigarren itzuli zirraragarria daukagu aurrean, indibidualki zein kolektiboki. Egunez egun hobetzeko helburua daukagu, eta horrek auskalo zer ekarriko digun. Anbizioa, lana eta sailkapenean lehenengo postuetan jarraitzeko gogoak hor daude”, amaitu du Irizarrek.